Gizartea -
Aste nagusian
'Erasorik ez erantzunik gabe' esan du Bilbok ozen eta irmo
Bilboko Konpartsek deituta, elkarretaratzeak igande goizean txosna-gunean, Arriaga Antzokiaren inguruetan, izandako eraso matxista salatu du.
agentziak | erredakzioa
Ehunka lagunek bat egin dute 18:00etan Bilboko Arriaga Antzokiaren plazan sexu erasoen kontra egiteko. Bilboko Konpartsek deituta, elkarretaratzeak asteburuan izandako eraso matxista salatu du.
Emakumeak Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera, gizonezko batek ukituak egin zizkion igande goizaldean txosna-gunean, Arriaga Antzokiaren ondoan.
Protestan erakutsi duten pankartan "Erasorik ez erantzunik gabe" irakur zitekeen, eta, besteak beste, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak Saileko zinegotzia, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Bilboko udalbatzako hainbat kide eta Aste Nagusiko txupineroa eta pregoilaria izan dira.
"Autodefentsa feminista" eta "Gutako bat ukituz gero, danak ukituko gaituzte" leloak ere entzun dira. Ondoren, Izaskun Madariaga eta Oihana Pascual Bilboko Konpartsetako bozeramaileek ohar bat irakurri dute. Emakume batek "sexu-erasoa eta eraso fisikoa" izan duela salatu dute, eta "bi herritarren laguntzari esker, erasoa ez zen larriagoa izan", horien esanetan.
Horren aurrean, "denon ardura da horren moduko indarkeria sexistari aurre egitea, norbera eta gizartea bera baita erantzule, eta edonolako indarkeria eta erasoren aurrean jarrera aktiboa agertu behar dugu", ohartarazi dute.
"Jai herrikoiak nahi ditugu, eta emakumeek jaiaz eta eremu publikoaz gozatzea nahi dugu. Jaiak, bai ala bai, feministak izango dira edo ez dira izango! Emakumeen parte-hartzea bermatzeaz harago, ezinbestekoa da bermatzea guk gure gorputzen eta gure askatasunaren jabe izatea", aldarrikatu dute.
"Kaleak, gauak eta jaiak ere gureak dira, eta horren moduko jarrerak onartezinak dira bai Aste Nagusian baita gainerako egunetan ere", nabarmendu dute. "Izan ohi diren eraso sexistak (batzuk ezkutatu egiten dira eta beste batzuek oihartzun handiagoa izaten dute) gu bizi garen gizarte matxistaren isla dira", kritikatu dute. Gainera, beste emakume batek Sopelan jasandako sexu-erasoa ere "erabat" gaitzetsi dute.
"Hemen bildu garen konpartsakideok, kolektibo feministek, udalbatzako ordezkariek eta gizarteak erantzun egingo dugu beti edozein eraso sexistaren aurrean", gaineratu dute.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.