Gizartea -
Sanferminak
Iruñeko bortxaketaren auzia 'argia' dela esan du biktimaren abokatuak
"Kondenatu egingo dituzte, noski; argi eta garbi", adierazi du akusazio partikularrak, espetxean dauden bost gizon andaluziarrei buruz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sanferminetan ustez Madrilgo neska gazte bat bortxatu zuten eta egun espetxean dauden bost gizon andaluziarren aurkako auzia “argia” dela adierazi du biktimaren abokatuak, Carlos Maria Bacaicoak.
"Kondenatu egingo dituzte, noski; argi eta garbi", nabarmendu du EFE agentzian egindako adierazpenetan. Horren ildotik, bost gizonen aurkako frogak “irmoak” direla azaldu du. “Ez litzaidake gustatuko haien azalean egotea”, gaineratu du.
Bost gizonak, tartean guardia zibil bat eta militar bat, espetxean daude eta epaileak auzipetu egin ditu, sexu erasoa eta lapurreta egitea egotzita. Irailaren 2an deklaratu beharko dute.
Gainera, instrukzio-epailearen ikerketa “ona” izaten ari dela iritzi dio akusazio partikularrak, eta haren autoa “ondo arrazoitua” dagoela uste du.
“Prozesua azkarra izaten ari da, eta egin beharreko frogak egiten ari dira”, laburbildu du.
Bestalde, biktima eta haren familia Iruñeko erakundeen partetik jasotako tratuarekin pozik daudela aipatu du.
Testuinguru horretan, Joseba Asiron alkateak esan du prozesu judiziala “azkarra” izatea espero duela, eta auzia erantzukizunez tratatzeko deia egin du, azken egunetako filtrazioak direla eta.
Alkateak azaldu du ez dakiela nola doan ikerketa. Gainera, Udala auzian pertsonatu denez, zurrumurruei eta filtrazioei ezin diela erantzun ohartarazi du.
Halaber, sexu erasoak “iraganeko oroipen txarra” izan arte, borrokan jarraituko duela azpimarratu du.