Gizartea -

2015ean, 1.127 gutxienez

Estatuan, egunean hiru emakumek pairatzen dute bortxaketa bat

Datu ofizialen arabera, 2009tik 1.200 emakume baino gehiago bortxatzen dituzte urtero.

Gasteizen berriki deitutako elkarretaratze baten irudia. Argazkia: EFE.
Gasteizen berriki deitutako elkarretaratze baten irudia. Argazkia: EFE.
Gasteizen berriki deitutako elkarretaratze baten irudia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mila emakume baino gehiago bortxatzen dituzte urtero Espainian, 2009tik gutxienez; izan ere, urte hartan hasi zen Barne Ministerioa sexu-erasoen estatistika xehatzen, Europar Batasunaren irizpideekin bat egiteko. Azken urteotan, penetrazioa ekarri duten 8.200 sexu-eraso baino gehiago izan dira, egunean hiru, zortzi orduan bat.

Datu ofizialek (Europa Pressek bildu ditu) diote 2009an 1.304 bortxaketa izan zirela; 2010ean, 1.177, eta 2011n, 1.513 (serieko kopururik altuena. Hurrengo urtean, penetrazioa ekarri zuten 1.280 sexu-eraso izan ziren, eta 2014an, 1.239.

Iaz, gutxienez 1.127 bortxaketa izan ziren, Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroak emandako datuen arabera. Otsailean iazko kriminalitate-datuen berri eman zuenean, ministroak onartu zuen arazo honek "berezko protokolo bat" eskatzen duela, eta baieztatu zuen bere departamentua "arlo horretan lanean" dagoela.

Nolanahi ere, sexu-erasoen aurrean jarraitzen dituzten osasun-protokoloetatik at, ez dago baliabide-maparik edo nazio mailako kanpainarik.

"Sei bortxaketetatik, bakarra salatzen dute"

Bortxaketa pairatu duten Emakumeentzako Laguntza Elkarteen Federazioko presidente Tina Alarconen arabera, azken lau egunotan Iruñean izandako datuak, bai eta Barne Ministerioak zabaldutakoak ere, errealitateko zati txiki bat baino ez dira; izan ere, "sei bortxaketetatik, bakarra salatzen dute".

80ko hamarkadatik daude egiteke sexu-erasoen aurkako protokolo eta kanpainak, baina "oraindik irabazteko dugun borroka da hori", nabarmendu du.

"Oso larria da. Nerabeei prebentzio-ikastaroak ematen dizkiet, eta harrigarria da nolako pentsaera duten zenbait mutilek; neskei erasotzen diete, xede izanik maskulinotasuna sendotzea, eta taldeka gainera. Normalean, aukeratzen duten neska-profila agian gainerakoena baino askeagoa da; hortaz, uste dute egiteko eskubidea dute", azaldu du.

Hezkuntza, gakoa

"Honelako erasoak erauzteko modu bakarra da eskola eta ikastetxeetan gogor lan egitea, nerabeekin. Berdintasunaren alde lan egitea da irtenbidea; izan ere, uste badute gauza bat zarela, nahi dutena egin dezakete zurekin. Eta jarraitzen dute pentsatzen gauza bat garela. Nire iritziz, hain zuzen, atzerako pausua eman dugu; 70ko hamarkadan, eta 80koaren hasieran ere, horrelako delituen kopuruak behera egin zuen, baina orain, objektu-emakumearen kultura honengatik, berriro ari da igotzen", adierazi du.

Ildo horretatik bertatik, Emakume Progresisten Federazioaren presidente Yolanda Besteirok uste du irtenbidea hezkuntza dela, hau da, gazteei irakastea gizonek ez dutela kontrolaezina den nahirik, baizik eta emakumeen askatasuna errespetatu behar dutela, eta emakume batek ezetz dionean ezezkoa dela, ez agian baietz edo baliteke bat. Ezezkoa. Irtenbidea da geuri buruari ulertaraztea ordu jakin batzuetan ez dugula zertan taxi bat hartu, baizik eta gazteei ulertaraztea ez dutela bortxatu behar.

----------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Espainia argazkiak Eguneko albisteak