Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat bortxatzen saiatu dira Donostian

Udaltzaingoak ustezko egilea atxilotu du erasoa jazo den lekuan bertan, eta ostiral honetan utziko dute epailearen esku.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, udaletxe atzean dauden lorategietan emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzen ari zenean. Hala eman dute jakitera Udaleko iturriek.

Goizaldeko laurak aldera jazo da erasoa. Itxura denez, biktima erretzera atera da Nautiko inguruan zegoen dantzaleku batetik. Une horretan, erasotzaileak neska harrapatu, ahoa estali eta Ijentea kalean dauden lorategietara eramatea lortu du, "sexu-erasoa egiteko asmoz", adierazi dute iturri berek.

Neskaren oihuak entzun dituen auzokide bat hura laguntzera gerturatu da. Une berean Udaltzaingoaren patruila bat ere bertaratu da, eta neska lagundu eta ustezko erasotzailea atxilotu du.

eitb.eus-ek jakin duenez, atxilotuak ez du deklaratu nahi izan Poliziaren aurrean, eta bihar utziko dute epailearen esku.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak matxismoaren kontra egitea eskatu die gazteei

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazteei eskatu die era aktiboan lan egin dezatela jarrera matxisten aurrean, sexu-erasoen oinarrian baitaude; aldi berean, era horretako eraso baten aurrean "isilik ez egotea" eskatu die.

EGK-k bere elkartasuna adierazi dio gaur goizaldean Donostian erasoa jaso duen neskari, eta, bereziki azpimarratu du "berriro ere" auzotar bati eskertu behar zaiola oihuak entzun bezain pronto laguntza eskaintzera bertaratzea eta erasoak ondorio larriagoak izatea geldiaraztea.

Kontseiluaren esanetan, indarkeria matxistari aurre egiteko, "ezinbestekoa da, ez soilik erasotzaileek beraien ekintzen erantzule izatea; baita gazteria aktiboki honen aurka posizionatzea eta hau sustraitzen duen matxismoaren aurka lan egitea".

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak