Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gasteizek 'ezetz' irmoa eman die eraso matxistei
Mugimendu feministak deituta, ehunka pertsona bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, erasook salatzeko.
eitb.eus
Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Gasteizen eraso matxistak gaitzesteko.
Protesta mugimendu feministak deitu zuen, Andre Maria Zuriaren plazan, ostegunean jaiak hasi zirenetik zortzi eraso matxista jazo direla salatu ostean.
ETBn egindako adierazpenetan, Eli Etxeberria mugimendu feministako bozeramaileak ohartarazi du ezin dela jaiekin jarraitu “normaltasunez” erasoon berri izan eta gero.
“Eraso matxistak ezin dira izan jaien parte eta ezin dira normaldu”, salatu du.
Bestalde, mugimendu feministak jaietan sexu erasoen aurre egitea helburu duten udal zerbitzuen "koordinazio eza" salatu du, eta informazioa emateko puntuaren ordutegia "oso mugatua" dela.
Gainera, sexu erasoak salatzeko aholkuak dituzten kartel eta material informatibo gehienak desagertu egin direla edo kendu egin dituztela ohartarazi du.
___________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.