Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Emakume batek sexu eraso saiakera salatu du Gasteizen

Gasteizko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du 20:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, orain arte jaietan izan diren eraso sexistak salatzeko.

Eraso sexistak gaitzesteko egindako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eraso sexistak gaitzesteko egindako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eraso sexistak gaitzesteko egindako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume batek sexu eraso saiakera salatu du Gasteizen, Andre Maria Zuriaren jaietan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintza emakumeak jarritako salaketa ikertzen ari da, baina oraingoz ez da atxiloketarik izan. Ikerketak zabalik jarraitzen du eta Ertzaintzak ez du kasuari buruzko xehetasun gehiagorik eman.

Gasteizko FeministokPrest mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du 20:30ean Andre Maria Zuriaren plazan azken orduetan izandako eraso sexistak salatzeko.

Mugimendu feministaren arabera, aipaturiko salaketaz gain, beste hainbat eraso sexista izan dira azken egunetan: sexu erasoa unibertsitate inguruan eta erasoak Aranbizkarra auzoan eta erdigunean, besteak beste. Gainera, gizon batek emakume bati eraso egin zion larunbatean Diputazio inguruan eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten.

Halaber, kolektiboak nabarmendu du Gasteizko udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuela atzo haren bikotekideari erasotzeagatik. Emakumeak, ordea, uko egin zion salaketa jartzeari.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, atzo arratsaldeak 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizko festa gunean, haren emaztea jotzea egotzita.

Bestalde, mugimendu feministak udalaren jarrera ere salatu nahi izan du: "jaietan eraso matxistei aurre egiteko ardura duten udal zerbitzuekiko koordinazio gabezia agerian utzi nahi dugu. Lehenik eta behin, eraso matxisten inguruko informazioa emateko udalak egokitutako stand-ak daukan ordutegia oso mugatua da", "ezagutu ditugun eraso gehienak gauez eman dira eta stand hori goizez eta arratsaldez bakarrik dago zabalik" salatu dute mugimenduko partehartzaileak.

Udalaren jarrera salatzeaz gain, eskaera ere egin nahi dute mugimenduko kideek: "Erasoei erantzuteko, abuztuaren 7an, gaueko 00:00etan, txosna gunean musika kendu zen eta ez zen zerbitzurik eskaini ondorengo 15 minutuetan. Bide batez, udalari protokoloa bete dezan eskatu nahi diogu, eta bertan hitzartu duen bezala, kontzertuak 5 minutuz gelditzea nahi dugu".

Halaber, eraso sexistak salatzera animatzeko jarritako kartel gehienak kendu egin dituztela edota jarrita zeuden tokietatik desagertu egin direla azpimarratu du mugimendu feministak.

Bien bitartean, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak ez du sexu erasoekin lotutako salaketarik jaso. Dena dela, Gasteizko Udalak emakumeenganako eraso oro gaitzetsi du. Udalak zehaztu duenez, Udaltzaingoak ezagutu dituen indarkeria matxista kasuak genero indarkeriarekin lotutako erasoak izan dira, ez sexu erasoak. Halaber, jaien testuingurutik kanpo gertatu direla eta "zoritxarrez" urte osoan zehar ohikoak diren egoerak direla zehaztu du.

_____________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andre Maria Zuriaren Jaiak su artifizialak Tratu txarrak Gizartea albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea