Gizartea -

Sutea

13 gazte hil dira Frantzian, taberna batean izandako sutean

Gainera, beste 6 gazte zauritu dira, horietako bat oso larri. Polizia istripuaren hipotesia ikertzen ari da.

Suteak erabat kiskali du Cuba Libre izeneko taberna. Argazkia: EiTB
Suteak erabat kiskali du Cuba Libre izeneko taberna. Argazkia: EiTB
Sutea Rouengo taberna batean

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 13 pertsona hil eta beste 6 lagun larri zauritu dira Frantzian, Rouen udalerriko taberna batean izandako sutean.

Agintariek zabaldutako informazioaren arabera, 18 eta 25 urte bitarteko gazte talde batek "Cuba Libre" aretoa alokatu zuen urtebetetze festa bat ospatzeko eta, antza denez, sua tabernako sotoan piztu zen.

Goizaldean, festan parte hartzen ari zen gazteetako bat beheko solairura jaitsi zen kandelak piztu eta urtebetetze tarta hartzera.

Hainbat testigantzen arabera, sotora jaisterakoan estropezu egin, tarta erori eta aretoko moketak su hartu zuen. Beste hipotesi baten arabera, ordea, sabaiak hartu ei zuen su.

Garrak berehala zabaldu ziren taberna osora eta biktima gehienak kea arnastuta hil dira. Hildakoak 18 eta 25 urte bitartekoak dira eta oraindik ez dituzte identifikatu.

Lawrence Labadie, Rouengo fiskalaren albokoak istripuaren hipotesia azpimarratu du. Aretoa sokaz inguratuta dago eta Polizia aipaturiko hipotesiaren frogak bilatzen ari da.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak ohar bidez azaldu duenez, epaitegietan ikerketa abiatu dute sutea zerk eragin duen argitzeko. 2005az geroztik Frantzian hildako gehien eragin dituen sutea izan da.

Bestalde, Yvon Robert Rouengo alkateak udalerriak inoiz jasan duen hondamendi larriena izan dela nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak albisteak Frantzia albisteak Gizartea Eguneko albisteak