Gizartea -

Fort Lauderdale, Miami

Epaileak ukatu egin du Pablo Ibarren behin behineko askatasuna

Gauzak horrela, Ibarrek espetxean jarraitu beharko du epaiketa berri egin arte. Ia 22 urte daramatza giltzapetuta.

Euskal jatorrizko presoa, saioan. Argazkia: EFE
Euskal jatorrizko presoa, saioan. Argazkia: EFE
Pablo Ibarrek kartzelan jarraitu beharko du epaiketa berriz egin arte

0:58

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibar euskal jatorrizko presoaren auzia epaitzen ari den epaileak ukatu egin du gaur, ostirala, Ibarren behin behineko askatasuna, Candido Ibar presoaren aitak EFEri jakinarazi dionez. Otsailean baliogabetu zuten Pablo Ibarren heriotza-zigorra, eta espero zuten epaileak behin behineko askatasuna onartzea.

Raaj Singhal epaileak, hala, galarazi du Ibarrek kalean itxaron ahal izatea epaiketa berria hasi arte. Berriz epaitu beharko dute Ibar, hiru pertsona hiltzea egotzita, hain zuzen, 2000 urtean heriotza-zigorra jaso zuen auziagatik. Candido Ibar Fort Lauderdalen (Miami) egindako epaiketan izan da, bere semearekin batera, auziaren jarraipena egiteko saioan.

Pablo Ibar AEBn heriotza-zigorra jaso duen euskal jatorrizko preso bakarra izan da otsailera arte, eta ia 22 urte daramatza giltzapetuta.

Sighal epaileak "jarraipen konferentzia" (horrela deitzen diote AEBn) gidatu du; izan ere, uztailaren 14an egindako beste batean iragarri zuen gaurkoa, defentsak aurkeztutako bi mozio aztertzeko helburuarekin.

Uztailaren 14an, Sighalek iragarri zuen denbora gutxian erabakia hartuko zuela, Ibarren abokatuek eskatutako fidantzapeko behin behineko askatasunaren inguruan.

Fort Lauderdaleko auzitegietan egindako saioaren hasieran, epaileak defentsaren eta akusazioaren lan handia eskertu du, eta biei agiri bat eman die, irakur dezaten.

Une horretan, Ibarrek aretoan zeuden senideei begiratu die aurpegi serioarekin, EFEk aretoan bertan baieztatu ahal izan duenez.

Handik minutu batzuetara, aretoaren kanpoaldean, eta saioak jarraitzen zuen bitartean, Ibarren aitak adierazi du epaileak ukatu egin duela behin behineko askatasuna.

Gaur aztertu behar zuten mozioetako batean Gary Foy lekukoaren testigantza baliogabetzeko eskatu zuten, berak baieztatu baitzuen, hilketatik hiru ordura, Ibar biktimen autoan ikusi izana.

Beste mozioan, uztailaren 14an zabaldutako informazioaren arabera, Floridako estatuan Pablo Ibarri ezarritako heriotza-zigorrak konstituzioaren aurka egin zuela diote.

Ibarren aurka egindako lehen epaiketa, 1998an, baliogabe jo zuten, epaimahaiaren desadostasunengatik. Bigarrena ere bertan behera utzi zuten, bestelako arrazoiengatik. Azkenik, 2000. urtean heriotza-zigorra ezarri zioten Ibarri, klub baten jabea eta bi modelo 1994an hiltzea egotzita.

Zigorra aurreko otsailean baliogabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak, besteak beste, ez zutelako "DNAren arrastorik topatu berreskuratutako kamiseta batean", alegia, hiltzaileak erabilitakoa "aurpegia estaltzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Pablo Ibar albisteak Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Albisteak