Gizartea -

Indarkeria matxista

Sexu abusuak salatu dituzte Malaga-Bilbo arteko autobus bidaia batean

45 urteko gizon batek ukituak egin dizkiola eta, salaketa jarri du 19 urteko emakumeak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 urteko Malagako emakume batek salatu duenez, gizon batek ukituak egin zizkion Malaga-Bilbo arteko bidaia egiten zuen autobus batean.

Gasteizko Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, bera ari da sexu gehiegikeria kasua ikertzen, emakumeak Arabako hiriburuan aurkeztu baitzuen salaketa -bertan jaitsi zen autobusetik-.

Jasotako salaketaren arabera, erasoa abuztuaren 3an jazo zen, 05:00ak aldera. Malagatik zetorren autobusak geldialdia egin zuen Kordoban, bidaiari gehiago hartzeko.

Une horretan 45 urteko gizon bat igo zen, eta neskaren ondoan jesarri. Bidaian zehar, gizonak ukituak egin zizkion neskari, eta honek gidariari eman zion gertatutakoaren berri.

Emakumea bere helmugara, Gasteizko autobus geltokira, heldu zenean, salaketa jarri zuen neskak, eta genero indarkeriaren protokoloa jarri zuten martxan.

Gizonezkoa Bilboraino joan zen. Autobusetik jaistean, Bilboko Udaltzaingoak identifikatu zuen eta sexu gehiegikeriengatiko delitua egotzi zion.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea