Gizartea -

Indarkeria matxista

Hiri espazioak birdiseinatzea eskatu du EHUk, sexu-erasoak saihesteko

Nerea Martin Fernandez ikertzaileak azaldu duenez, "espazio publikoen diseinua funtsezkoa" da erasoak prebenitzeko.

Sexu erasoen aurka sanferminetan egindako elkarretaratze bat. EFE
Sexu erasoen aurka sanferminetan egindako elkarretaratze bat. EFE
Sexu erasoen aurka sanferminetan egindako elkarretaratze bat. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile batek sexu erasoak izan diren lekuak aztertu ditu, leku horiek hobeto diseinatuz emakumeen segurtasuna hobetzea helburu.

Tesia Nerea Martin Fernandez Psikologia eta Kriminologia doktoreak egin du, EAEko lurralde auzitegien epai irmoak oinarri hartuta.

Horren ondorioen arabera, "espazio publikoen diseinua eta inguruneko prebentzioa funtsezko faktoreak dira tankera horretako jokaerak [sexu erasoak] prebenitzeko".

Ikertzaileak ondorioztatu duenez, sexu eraso gehienak bi leku motatan gertatu ohi dira: berdeguneetan eta ingurumen-kalitate txikiko eta landare gutxiko lekuetan.

Hain zuzen ere, egunez aisialdiaz gozatzeko lekuak direla adierazi du Martin Fernandezek, baina gauez, ordea, "hainbat delitu egiteko oportunitatea ematen duten espazioak dira".

Horren ildotik, leku horiek "ikusgaitzak" direla nabarmendu du ikertzaileak, bertan landaredi ugari eta zuhaitz handiak egon ohi direlako. Horren ondorioz, berdegune horietan gertatzen dena ikustea oso zaila da alboko kaleetatik edo eraikinetatik.

"Garrantzitsua da argiztapena eta parkeen, zuhaitzen, zuhaixken eta abarren mantentze-lanak zaintzea. Eraikinez, lurpeko pasabideez eta halakoez ari garenean, berriz, saihestu egin beharko litzateke ikusgaitzak diren guneak diseinatzea, kontrol informala egitea zailtzen baitute", esan du ikertzaileak.

"Berariaz aztertu behar da zer diseinu- edo birdiseinu-neurri har daitezkeen hirietako guneek eurek horrelako erasoak egiteko sortzen dituzten aukerak murrizteko", gaineratu du.

Martin Fernandezek azaldu duenez, "lortutako emaitzetatik zenbait ikerketa-lerro sortu dira, eta lerro horietan aurrera egin ahala, hiri-segurtasuna handituz joango da, gune publikoak diseinatuz eta kudeatuz, baita horrelako delituak aztertuz ere".

Hori dela eta, "gure oraingo helburua da ikerketa nazio osora zabaltzea, ikusteko EAEn lortutako datuek bat egiten ote duten beste leku batzuetakoekin, eta orduan ekin diseinu- edo birdiseinu-estrategiak proposatzeari, hirigune publikoak ziurragoak izan daitezen eta emakumeak askatasun osoz mugitu ahal izan daitezen hirietatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur EHU berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak