Gizartea -

Neurriak

Meskitak estu hartu ditu Frantziako Gobernuak

Dagoeneko 20 bat zentro ixteko agindua eman dute. Era berean, 80 iman kanporatzeko agindua eman dute. Gainera, meskiten finantziazio atzerritarra 10 urtez debekatzea aztertzen ari dira.

Musulmanak otoiz egiten Baionako (Lapurdi) meskitan. Artxiboko irudia: EiTB
Musulmanak otoiz egiten Baionako (Lapurdi) meskitan. Artxiboko irudia: EiTB
Musulmanak otoiz egiten Baionako (Lapurdi) meskitan. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meskitak eta otoitzerako zentro musulmanak ixten jarraituko dutela adierazi zuen atzo Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak. Diskurtso erradikalak ematen ziren 20 bat zentro itxi dituzte jadanik, eta imanak atzerritarrak direnean, Frantziatik kanporatuko dituzte.

“Gorrotoa bultzatzen dutenentzako lekurik ez dago Frantzian”, azpimarratu zuen Cazeneuvek Gurtza Musulmaneko Frantziako Kontseiluko (CFCM) arduradunekin bildu ondoren. Frantzian egindako azken erasoen ostean, jihadismoaren aurkako borroka bideratzeko eragileekin bilerak egiten ari da Exekutiboa.

20 bat meskita edo otoitzerako zentro dagoeneko itxi dituztela gogorarazi zuen, eta “gehiago” itxiko dituztela erantsi zuen.

Zentzu horretan, diskurtso erradikalengatik 80 iman atzerritar kanporatzeko agindua eman dutela azaldu zuen. “Dozenaka” espediente aztertzen ari dira eta “politika horrek” jarraituko du, gaineratu zuenez.

Bestalde, gurtza musulmana arautzeko marko instituzional berria urrian prest izatea espero duela esan zuen ministroak.

Atzerriko finantziazioa 10 urtez debekatzeko aukera

Gainera, atzerriko herrialdeek Frantzian meskitak eraikitzeko finantziazioa hamar urtez debekatzea aztertzen ari direla azaldu du gaur Manuel Valls Frantziako lehen ministroak.

Frantzian islama antolatzeko beharra nabarmendu dute agintariek azken egunetan. Ildo horretatik, dohaintzan eta finantziazio pribatuan “erabateko” gardentasuna beharrezkoa dela ziurtatu du gobernuburuak Liberation egunkarian.

Aldi berean, islamismo erradikalaren aurkako borrokan musulman guztiek indarrak batzea aldarrikatu du Vallsek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Parisen? Manuel Valls bideoak Gizartea albisteak Frantziako Gobernua