Gizartea -

indarkeria matxista

Udalak elkarretaratzea deitu du, krimen matxista gaitzesteko

Protesta ekitaldia larunbat honetan izango da, 11:00etan, udaletxeko eskaileretan.

Bilboko Udalak iraganean egindako elkarretaratze bat. EiTB
Bilboko Udalak iraganean egindako elkarretaratze bat. EiTB
Bilboko Udalak iraganean egindako elkarretaratze bat. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko taldeek adierazpen instituzional bat onartu dute, joan den asteburuan jazotako krimen matxista gaitzesteko, eta deia egin diete herritarrei "emakumeen aurkako edozein indarkeria motaren aurka agertzeko".

Joan den larunbatean, 51 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten haren etxebizitzan, baina albistea gaur ezagutu da, Ertzaintzak genero indarkeria hilketatzat jo baitu eta ustezko hiltzailea, 49 urteko gizon bat, atxilotu baitu.

Hori horrela, Udalak "mina" agertu du, eta babesa adierazi die biktimaren senideei eta lagunei.

Bestalde, gogorarazi du indarkeria matxistaren biktimak "milaka" direla, eta, horrenbestez, ez direla "salbuespenak".

"Hilketa genero indarkeriaren ekintza bortitzena da, baina egunero beste hainbat eraso mota jazotzen dira emakumeen aurka, eta denak gaitzesteko modukoak dira", gaineratu du.

Era berean, Udalak nabarmendu du indarkeria matxista "emakumeen giza eskubideen urraketa larria eta onartezina" dela, "osotasun fisikoaren eta duintasunaren" aurkako erasoak baitira.

Horren ildotik, udal taldeek deia egin diete herritarrei emakumeen aurkako indarkeria "salatzeko, ez onartzeko eta biktimei babesa agertzeko".

Azkenik, Udalak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, 11:00etan, udaletxeko eskaileretan.

Emakunderen gaitzespena

Bestalde, Emakundek gaitzespen irmoa agertu du, eta indarkeria matxistaren aurka agertzeko deia egin die herritarrei.

Erakundearen esanetan, herritarrak "aktiboak" izan behar dira emakumeen aurkako jarreran galarazteko, eta gogorarazi du indarkeria matxista "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ikur gordinena" dela.

"Herritar guztiek parte hartuta eta balioak aldatuta baino ezingo da amaitu emakumeen aurkako indarkeria", esan du.

 

____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea