Gizartea -

arau berria

Turismoaren euskal Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

EAJk eta EH Bilduk egin dute araudiaren alde, eta PSE-EEk "babes kritikoa" azaldu dio. Besteak beste, oporretarako etxebizitzen egoera arautuko du.

Turismo legeak alokairu turistikoak arautuko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turismoaren euskal Legea onartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren "babes kritikoarekin".

Udako oporren aurretik ganberan egin duten azken osoko bilkuran onartu dute araudia, kontrako botorik izan ez dela (PPk eta UPyDk zuri bozkatu dute). Lege horrekin batera, gehiegikerien polizialen biktimen legea eta heriotza duinarena ere adostu ditu Legebiltzarrak. Uztaila baliodun hilabetea jotzea erabaki zuen Legebiltzarraren Mahaiak, hiru legeok onartze aldera.

Lehendakariak EAEko hauteskundeak deitu eta ganberak desegin baino lehen legea onartzeko izandako "presa" kritikatu dute PSE-EEk, PPk eta UPyDk.

Oporretarako etxebizitzak

Legeak dakarren berrikuntzen artean, euren etxebizitza opor-egonaldietarako alokatzen duten jabeen egoera arautzea dago. Turismo sektore ofizialarentzat, jarrera desleiala dute. Euskal legeak ez ditu mota horretako jarduerak debekatuko, baina baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte horien jabeak direnek.

Jarduera horren arauketa hobetze aldera, legeak jardueraren definizioa jasotzen du. Hala, testuaren arabera, honako hauek lirateke turismo erabilerarako etxebizitzak: "turismo- edo -opor-arrazoiengatik alojamendu bezala eskaintzen edo merkaturatzen diren etxebizitzak", dituzten ezaugarriak kontuan izan gabe.

Definizioaren arabera etxebizitza mota horiek "ustiatzaileak edo kudeatzaileak aldi baterako eta berehala erabiltzeko moduan lagatzen dizkiete hirugarren batzuei. Maiztasunez edo ohikotasunez eta kontraprestazio ekonomiko bidez merkaturatzen dituzte, zuzenean edota zeharka, turismo-eskaintzen kanalak erabiliz".

Turismo-erabilerako etxebizitza partikularretako geletan eskaintzen den ostatuari dagokionez, titular batek ezin izango du "etxebizitza batean baino gehiagotan logelak eskaini edo merkaturatu", horrela eginez gero, "establezimendu horiek beste mota batekoak izango bailirateke".

Gainera, ostatu hartzeko etxebizitza duenak betebehar batzuk beteko dituela adierazten duen ardura-aitorpena izan beharko du (sektore horretan jarduera bati ekingo dion beste edozein agentek legez) eta horrek Euskadiko Enpresa eta Ekintza Turistikoen Erregistroan izena ematea ekarriko du automatikoki.

Legearen atal batek establezimenduak zein kategoria edo mailatan sailkatuko dituzten zehazten ditu. Kategoria bat edo beste esleitzeko garaian, establezimenduaren kokapena eta ekipamenduak hartuko dira kontuan, baita beste ezaugarri hauek ere: bere eskaintzaren kalitatea, pertsona ezgaituentzako prestazioak, sortutako enpleguaren kalitatea, EAEko hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera eta beste hizkuntza batzuena.

Alderdien balorazioa

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak eskertu egin du PSEren babesa, eta azaldu du turismoaren sektoreak parte hartu ahalko duela legearen garapenean, dekretuen bidez.

EH Bildutik, Iker Casanovak adierazi du legean neurri "nahikoak" aurreikusten direla sektorea arautzea. Horren esanetan, helburua ez da "mugak" jartzea, baizik eta "bermeak" ezartzea.

Susana Corcuera PSE-EEko parlamentariaren esanetan, euren babesak kutsu "kritikoa" du, testuan "hutsune handiak" daudela iritzita. Adibidez, Jaurlaritzak sustatutako jardunaldiak eta kongresuak lurraldeen artean banatzeko aukera ez dutela jaso ohartarazi du.

Mari Carmen Lopez de Ocarizek (PP) salatu du testuak "joan den mendekoa" dirudiela, eta erregulazioa ez dela egokia.

Azkenik, Gorka Maneirok (UPyD) nabarmendu du legea "zaharkitua" jaio dela, eta ez duela "anbiziorik". Gainera, deitoratu du erabilera turistikoa izango duten etxebizitzen erregulazio bakarra erroldatzea izatea.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Turismoa Euskadi Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa EH Bildu PSE-EE Araba Albisteak