Gizartea -
epaia
Epsilon auziko akusatuak errugabetu dituzte
Joan Villadelprat lasterketarako autoen enpresaren administratzailea, haren bazkidea eta Epic Racing Epsilon erosi zuen enpresa errugabe jo ditu Arabako Auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Sekzioak errugabe jo ditu Epsilon auziko akusatuak. Hala, Joan Villadelprat Epsilon Euskadi automobilismo enpresaren administratzaile bakarra, Mark Payne haren bazkide eta enpresako finantza-zuzendaria, eta Epsilon erosi zuen Epic Racing automobil-taldea errugabetu ditu epaileak.
Villadelprati eta Payneri delitu sozietarioa eta zigortzeko moduko kaudimengabezia egotzi zien Fiskaltzak, eta zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen haientzat lasterketarako autoen adarra saltzeagatik. Epic Racingek erantzukizun zibil solidarioa izan zuela uste zuen fiskalak. Halakorik egon ez zela ebatzi du orain Auzitegiak.
Fiskalak bere akusazio idatzian jaso zuenez, "enpresaren kaudimen ezaren jakitun zirela", Villadelprat eta Paynek "iruzurra eginez" eta "zegokiona baino prezio askoz baxuagoan" saldu zituzten Epsilon Euskadiren aktiboen % 80.
Epaia ez da irmoa, eta kasazio errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Gorenean.
Auzitegiak ebatzi duenez, Epsilonen lasterketarako autoen adarra saltzeak enpresako beste bi kideei "neur daitekeen kalte ekonomikoaren zantzu edota froga zuzenik ez dago".
Halaber, operazioa "enpresaren bideragarritasun plan baten baitan" proposatu zela gaineratu dute.
"Ez dago frogarik erakusteko Villadeprat jaunak bazkideen leialtasuna urratu zuela", ebatzi dute epaileek.
Arabako Auzitegiaren esanetan, akusazioak frogatu behar zuen transmititutako ondasunen balioa "operazioan aurreikusitako prezioa baino askoz handiagoa" zela, baina Fiskaltzak "ez du lortu" hori erakustea.