Gizartea -

Elkarretaratzea

Barakaldoko herritarrek asteburuko sexu-eraso ahalegina salatu dute

'Erasorik ez erantzunik gabe' lelopean protesta egin dute ehun herritar baino gehiagok, Barakaldoko Udalak deituta. Bost minutuko isilunea gorde dute.

Barakaldoko herritarrak Herriko Plazan. Argazkia: EFE
Barakaldoko herritarrak Herriko Plazan. Argazkia: EFE
Barakaldok emakume baten aurkako sexu-erasoa gaitzetsi du

0:32

Euskadi Irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Erasorik ez erantzunik gabe' lelopean salatu dute Barakaldoko herritarrek asteburuan izandako sexu-eraso ahalegina, Euskadi Irratiak azaldu duenez.

47 urteko Barakaldoko gizasemea atxilotu zuen Udaltzaingoak, 41 urteko Bilboko emakume baten kontrako sexu-eraso saiakera leporatuta. Udalak egin du eguerdirako protesta bilkurarako deia.

Ehun lagun baino gehiagok elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan. Bost minutuko isilunea gorde dute parte-hartzaileek. Bilkuran Barakaldoko talde politiko guztiek parte hartu dute. Era berean, Clara Campoamor elkarteak eta Argitan aholkularitza zentroak protesta babestu dute.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak elkarretaratzea amaitu ondoren azaldu duenez, “berriro, zoritxarrez, ‘ez ez’ dela esateko kalera ateratzea beharrezkoa izan da”.

“Herritarren inplikazioa” oso garrantzitsua dela nabarmendu du alkateak; izan ere, bizilagun batek abisua eman zuen furgoneta barruko garrasiak entzun ondoren. Hala, Udaltzaingoak “ustezko erasotzailea bertan atxilotu” ahal izan zuen, erantsi duenez.

Erakundeek “biktima babesteko eta laguntzeko baliabide guztiak” emakumearen esku jarri dituztela azpimarratu du buruzagiak. Del Camporen ahotan, “indarkeria sexista denen arazoa da”. “Zoritxarrez, gaitz soziala oraindik errotik kendu gabe jarraitzen duela demostratzen dute gertakariek”, gaineratu du.

“Erantzun”

Indarkeriaren aurrean “erantzutera” animatu ditu emakumeak Argitan zentroak. “Desberdintasunak bigarren mailako herritarrak” bihurtzen dituela salatu du.

Iaz 437 emakume artatu zituen zentroak. Horietako 28k, % 6,3k, tratu txarrak edo sexu-erasoak jasan zituzten bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Barakaldo Eguneko albisteak