Gizartea -

Transexualitatea

Chrysallis EH: 'Gidak ez du aurreikusten familientzako arretarik'

Adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkarteak dioenez, transexualen arretarako gidak osasun-arreta bermatzen du, baina ez familia-arreta.

Chrysallis EHk balorazio gazi-gozoa egin du Jaurlaritzaren gidaz

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabe transexualen familiak biltzen dituen Chrysallis Euskal Herria Elkartearen iritziz, pertsona transexualen arretarako Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako gidak "osasun-arreta bermatzen du, adingabeekiko errespetutik", baina ez du aurreikusten familientzako Arreta Zerbitzu bat. Ostiral honetan aurkeztu dute dokumentua.

Elkarteak "oso positibotzat" jo du Osasun Sailaren jarrerak; hain zuzen, "elkarrizketa arina" izan du Sailarekin. Chrysallis Euskal Herriak esan du, ildo horretan, "bi aldeek eman dutela amore arlo jakin batzuetan", eta, horri esker, "adostasuneko dokumentua" erdietsi dutela. Elkarteak uste du dokumentuak bermatzen duela "osasun-arreta, adingabeekiko errespetutik".

Familia-politikari dagokionez, elkarteak gogorarazi du eskatu zuela familientzako Arreta Zerbitzu bat, zeina Gizarte Politikak ez duen aurreikusi; hori dela eta, egun, "familiaz familiako arreta Chrysallisetik egiten da, gainerako laguntzarik gabe".

Hezkuntza Sailak laguntza eskatu zion elkarteari

Elkarteak zehaztu du, bestalde, Hezkuntza Sailak dokumentu bat eskatu ziola Chrysallis EHri, eta orain aurkeztutako protokoloa dokumentu horretan oinarritzen dela; hortaz, "oinarria Chrysallisen dokumentu bat izanik", transexualitate-egoeran dauden adingabeekiko arreta "bermatuta dago".

Hala ere, esan dutenez, Hezkuntza Sailak nahi izan zuen izenburuan txertatu "beste errealitate batzuk", hala nola, normatiboa ez den genero-portaerako adingabeena: "Gaztelaniazko bertsioaren hitzaurrean 'trabestiak', 'drag queen-ak' deitzen zaie, baina protokoloak ez du aurreikusten haientzako arreta-neurririk; hori dela eta, "nahasgarria eta osatugabea da".

Chrysallis Euskal Herriaren iritziz, ezinbestekoa da ezartzea irakasleentzako Formakuntza Plan Integral bat, bai eta irakasleak ez diren langileentzakoa, transexualitate-egoeran dauden adingabeak dauden zentroetan; Eusko Jaurlaritzak ez du bermatzen hori, elkartearen iritziz.

Chryssalisek adierazi du, azkenik, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duela "errealitate hau agerian ez uzten"; hori, elkartearen esanetan, oso garrantzitsua litzateke adingabeek sentitzeko "ulertzen eta laguntzen dituztela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Albisteak