Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Droga banatzen zuen sare bat desegin dute Nafarroan
20 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak, sarearekin lotuta. Taldeko buruzagiak espetxeratzeko agindua eman du epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Droga banatzen zuen sare bat desegin du Guardia Zibilak Nafarroan. Polizia iturriek jakitera eman dutenez, Erriberan eta Tuteran zuen egoitza sareak, eta lapurretak egiteko antolatuta ere bazegoen. 20 pertsona atxilotu dituzte, sarearekin lotuta.
Tuterako Auzitegiko epailearen aurretik igaro ondoren, taldeko buruak fidantzarik gabe espetxeratu dituzte. Gainerakoak, karguekin aske geratu dira.
Operazio honetan bederatzi miaketa egin ditu Guardia Zibilak, Iruñean, Tuteran, Corellan, Arguedasen eta Orkoienen. 1.700 gramo speed, 2.100 gramo marihuana, 550 gramo haxix, 25 gramo kokaina, 5 gramo kristal eta droga manipulatzeko materiala atzeman dituzte, polizia iturrien arabera. 5.300 euro, gama altuko bi ibilgailu, hiru ordenagailu, sakelako 20 telefono eta lapurtutako hainbat objektu ere aurkitu dituzte miaketetan.