Gizartea -

Protesta

Animalien ikuskizunen aurkako martxa deitu dute Gasteizen iganderako

Protesta igandean egingo dute, 12:00etan. Iradier Arenatik (hiriko zezen-plaza) aterako da 'Ez dira zure jostailua, sentitu egiten dute' lelopean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita hamar bat gizarte-erakundek deituta, manifestazioa egingo dute igande honetan Gasteizen, Udalak "desiratutakoa ez den edozein sufrimendu eragiten duten ikuskizunen" aurka (zezenketak, kasu) bere gain hartutako konpromisoak bete ditzala eskatzeko.

Podemos eta Equok ere babesten duten ekimenaren bultzatzaileek gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan. Martxa igande eguerdian, 12:00etan, abiatuko da Iradier Arenatik, hau da, hiriko zezen-plazatik, eta "Ez dira zure jostailua, sentitu egiten dute" lelopean egingo da.

Antolatzaileetako batek esan duenez, animalien eskubideak "ezin daitezke ukatu arrazoi ekonomikoak, kulturalak edo ohiturazkoak direla medio", eta jaietako programetan antolatu ohi diren ekintzek eskubide horiek "nabarmen" urratzen dituztela salatu du.

Gasteizen uztailaren 25ean ospatuko den Blusen eta Nesken egunean asto-lasterketarik egingo ez dela-eta, pozik agertu da, baina igandeko martxaren bultzatzaileak ez direla horrekin konformatzen azpimarratu du. Horrenbestez, Udaleko araudia bete dadila eta zezenekin egiten diren ikuskizunak bertan behera gera daitezela eskatu dute.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak debekatu egin du asto-lasterketa tradizionala, animaliei sufrimendua, degradazioa edo iseka egiten dieten ikuskizunak baimentzen ez dituen udal-araudiari jarraikiz.

Zezenketen kasuan, alkateak bere garaian adierazi zuenez, aurten egin egingo dira, kontratu bat indarrean baitago, baina 2017an egingo diren edo ez erabaki gabe dago oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea