Gizartea -
Enplegu publikoa
Osakidetzan 700 lanpostu berri sortzea adostu du Eusko Jaurlaritzak
“Kalitatezko enplegu egonkorra” bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen apustuaren “beste adibide bat” dela goraipatu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzaren langile kopurua handitzea adostu du Eusko Jaurlaritzak. Hala, kategoria ezberdinetan 700 lanpostu berri sortuko dituzte. Osakidetza 26.400 behargin izatera pasatuko da.
Gobernu Kontseilua amaitu ondoren, Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak hartutako erabakia berretsi dutela azaldu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
"Kalitatezko enplegu egonkorra" eta "Euskadiko osasun sistema publikoa" bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren "beste adibide bat" dela goraipatu du Darponek.
Hala, 25.700 langile izatetik 26.400 izatera pasatuko da Osakidetza, "Administrazioaren enpresa publiko handiena indartzeko". Plantilla handitzeko asmo hori jada jasota dago 2016. urteko aurrekontuetan, dagokion diru-kopurua bideratu baita. Aurtengo ekitaldirako 2.600.585,59 euro onartu dira.
Sortuko diren 700 lanpostu berriak honela banatuko dira:
URDULIZKO OSPITALE BERRIA (425)
- Medikuak - 118
- Erizaintza - 132
- Osasun teknikoak - 25
- Erizain laguntzaileak - 76
- Pertsonal ez sanitarioa - 74
EGITURA BERRIEN FINKATZE ETA ZABALTZEA (275)
- Medikuak - 114
- Erizaintza - 66
- Osasun teknikoak - 39
- Erizain laguntzaileak - 22
- Pertsonal ez sanitarioa -34