Gizartea -
Osakidetza
Anbulategien % 40a itxita egongo da larunbatetan, ekainetik aurrera
Data horretatik aurrera, Osakidetzak asteburuetako eta jai egunetako antolakuntza berriari ekingo dio, oinarrizko osasun zerbitzuan.
Erredakzioa
Ekainaren 19tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko 48 anbulategi itxi egingo dituzte larunbat goizetan (kopuru osoaren % 40a). Data horretatik aurrera, Osakidetzak asteburuetako eta jai egunetako antolakuntza berriari ekingo dio, oinarrizko osasun zerbitzuan.
Osakidetzak gaur azaldu duenez, erabakia "antolakuntza arrazoiengatik" hartu dute, eta ez arrazoi ekonomikoengatik. Hala ere, neurri honi esker urtero 300.000 euro aurreztuko ditu euskal osasun zerbitzuak. Horrez gain, Arreta-Jarraituko Puntuak gehitu egingo dituela iragarri du Osakidetzako zuzendariak, Julian Perezek.
Egun, larunbatero 104 anbulategi zabaltzen dituzte EAEn, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00etara. Asteburuko gainontzeko zerbitzua Arreta-Jarraituko Puntuetan oinarritzen da. Gune bakoitzeko eskaeraren araberako ordutegiarekin lan egiten dute puntu hauetan. .
Perezek azaldu duenez, asteburuetako oinarrizko osasun zerbitzua "eutsiezina" da (beti ere, antolakuntza ikuspuntutik), goiz bakar baterako kontratazioak egiteko zailtasunengatik.
Gauzak horrela, gainontzeko anbulategietara eramango dituzte langileak larunbat goizetan, eta asteburuan eta jai egunetan Arreta-Jarraituko Puntu gehiago zabalduko dituzte.
Orotara medikuen % 87ª eta erizainen % 76ª gainontzeko anbulategietan lan egingo dute larunbat goizetan.
Arreta-Jarraituko Puntuei buruz, 43 irekiko dituzte (egun 34 zabaltzen dira), 99 mediku eta 83 erizainekin (orain 73 medikuk eta 62 erizainek lan egiten dute). Ordutegia, anbulategiaren eta dauden tokiaren arabera erabakiko dute.
Bizkaian, larunbat goizetan, 9 anbulategi irekiko dituzte Bilbon, 7 Ezkerraldean, 9 Barnealdean eta 4 Uribe-Kostan. Gipuzkoan 12 anbulategi zabalik egongo dira Ekialdean eta 11 Mendebaldean. Araban, hiru besterik ez dituzte zabalduko.
Arreta-Jarraituko Puntuei buruz, Bizkaiak 25 izango ditu, Gipuzkoak 15 eta Arabak 3.