Gizartea -
Operazioa
11 pertsona atxilotu dituzte Bartzelonan ustez dirua zuritzeagatik
Atxilotu gehienak errusiarrak eta ukrainarrak dira. Gainera, 16 miaketa egin dituzte. Besteak beste, Diagonal etorbideko Yubari jatetxea miatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra mossoek eta polizia nazionalek 11 pertsona atxilotu dituzte operazio bateratu batean, Bartzelonan eta inguruko herrietan, Kataluniako Poliziak jakinarazi duenez. Dirua zuritzea leporatzen diete.
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak zuzendu du operazioa eta atxilotu gehienak errusiarrak eta ukrainarrak dira. Dirua zuritzeko, agiri ofizialak faltsutzeko eta Ogasunaren aurkako delituak egiteko sare bateko kide izatea egotzi diete.
16 miaketa egin dituzte, Bartzelonako Argibideetako 21. Epaitegiak aginduta. Era berean, kontu korronte ugari blokeatzeko eta etxebizitza asko bahitzeko agindua eman du.
Yubari jatetxea
Hiru miaketa Bartzelonan egin dituzte: Yubari jatetxea miatu dute Diagonal etorbidean, eta Pedralbes eta Gracia auzoetan beste bi.
Fiskaltzaren arabera, Japoniako janarian aditua den jatetxeak dirua zuritzeko helburua zuen.
Birjina uharteetan edo Zipren eratutako sozietateetatik zetorren dirua zuritzen zuen enpresen sareak, ikerketak azaldu duenez.
Atxilotuek ustez sozietateak eratu edo sortzen zituzten, atzerriko enpresen kapitala jaso eta Espainian higiezinak erosteko erabiltzen zuten. Prozedura horrekin 10 milioi baino gehiagoko inbertsioa atzeman dute ikertzaileek.