Gizartea -
Jaurlaritza
445.000 euro erabiliko dituzte eredu hirueleduna probatzeko
Jaurlaritzak irakasle hirueledunak eta egonkorrak dituzten ikastetxeei lehentasuna emango die.
Erredakzioa
Datorren ikasturteari begira eredu hirueleduna modu esperimentalean frogatu nahi duten ikastetxeek ekainaren 10era arte epea izango dute haien eskaerak aurkezteko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasle hirueledunak eta egonkorrak dituzten ikastetxeei lehentasuna emango die.
Gaur, Gobernu Bilerak egitasmoari hasiera emateko agindua onartu du. Datorren ikasturtean, 2010-2011, martxan izango da EAEko 40 ikastetxe ezberdinetan (Lehen Hezkuntza laugarren mailan eta DBHko lehenengo mailan).
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak gaur azaldu duenez, Gobernuak 445.000 euro inbertituko ditu eredu hau martxan jartzeko. Datozen ikasturteetan beste ikastetxe askori parte hartzeko aukera zabalduko dietela nabarmendu du Celaak. Hiru urteetan zehar, 40 ikastetxe hauek eredu hirueleduna probatu egingo dute. Hori bai, irakasleen oniritzia beharrezkoa izango da, baita familiena ere. Lehen Hezkuntzako ikasleek, gutxienez, bost ordu egingo dituzte astean hizkuntza bakoitzean: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Gainontzeko orduetan (% 40ª), ikastetxeek erabakiko dute irakasgaiak zein hizkuntzatan eskaini, beraz, "aproposenean emango dituzte", Celaaren hitzetan. DBHko ikasleek, berriz, eredu hirueleduna asteroko sei ordutan erabiliko dute. Esperientzia honetan parte hartzeko interesa daukaten ikastetxeek ekainaren 10a baino lehen eskaera egin beharko dute, Hezkuntza Saileko web orrian.
Parte hartzen duten ikastetxeek 2.000 euroko laguntza jasoko dute (ikasgela batek parte hartzen badu) edota 3.000 eurokoa (bi ikasgela). Egitasmoa martxan jartzeko irakasle baten kontratazioa ere Jaurlaritzak ordainduko luke.