Gizartea -
Bidaia ofiziala Espainiara
Hainbat protesta Espainian, Obamaren bisita dela eta
Ehunka lagun atera dira kalera Madrilen, Sevillan eta Rotan. Gainera, Greenpeace elkarteak TTIP itunaren aurkako pankarta bat jarri du Madrilen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat protesta egin dituzte igande honetan Espainiako hainbat hiritan Barack Obama AEBko presidentea estatu espainiarrera egiten ari den 24 orduko bidaia ofiziala dela eta. Hala, ehunka lagun atera dira kalera Madrilen, Rotan (Kadiz) eta Sevillan. Gainera, Greenpeace talde ekologistak TTIP itunaren (Europar Batasuna eta AEB negoziatzen ari diren merkataritza ituna)aurkako protesta egin du Madrilen.
Ehunka pertsona bildu dira gaur AEBk Madrilen duen enbaxadaren aurrean Obamaren bisitaldiaren aurrean euren sumina adierazteko asmoz. Haien iritziz, AEBko presidentearen "irribarrearen eta hitz gozoen atzean" zigortutako herrialdeen "izu- eta odol-oihuak" ezkutatzen baitira.
Halaber, ehunka lagunek parte hartu dute Sevillako mobilizazioan. Manifestariak Europar Batasunaren eta AEBren arteko TTIP itunaren eta estatubatuarrek Andaluzian dituzten bi base militarren -Rotan eta Moron de la Fronteran- aurka agertu dira.
Ildo berean, dozenaka lagunek kontzentrazioa egin dute eguerdian Rotako base militarraren aurrean Obamari adierazteko ez dela ongietorria Andaluzian.
Bestalde, Greenpeace talde ekologistako sei eskalatzailek Madrileko Kale nagusiko Metropolis eraikinean Barack Obamari zuzendutako pankarta erraldoi bat jarri dute. Bertan, "Yes we can stop TTIP" ("Bai, TTIP gera dezakegu") irakur zitekeen, hau da, Europaren eta AEBren arteko Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa.