Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Kartzelara bidali dituzte Iruñeko sexu-erasoagatik atxilotutako bostak

Epaileak bere autoan dio bostek parte hartu zutela bortxaketan eta bideoz grabatu zutela erasoa.

Epaileak espetxera bidali ditu sanferminetako sexu erasoagatik atxilotutako bost gizonak. EFE
Epaileak espetxera bidali ditu sanferminetako sexu erasoagatik atxilotutako bost gizonak. EFE
Espetxera bidali dituzte Iruñeko atxilotuak, sexu-erasoa leporatuta

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko laugarren instrukzio epaitegiko epaileak kartzelara bidali ditu ostegunean Iruñeko San Fermin jaietan 19 urteko emakumezko bat bortxatzea leporatuta atxilotutako bost gizonak.

Epaileak hainbat sexu eraso delitu eta indarkeriaz egindako delitua leporatu dizkie atxilotuei; izan ere, emakumeari eraso egiteaz gain eskuko telefonoa lapurtu omen zioten.

Espetxeratutako bost gizonak (J.A.P.M.; J.E.D.; A.J.C.E.; A.M.G.E.; eta  A.B.F) Sevillakoak dira eta 25 eta 28 urte bitartean dituzte, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek zabaldutako informazioaren arabera.

Atxilotuak gaur 10:00etatik aurrera igaro dira epailearen aurretik eta,antza denez, uko egin diete deklaratzeari. Ondoren, guardiako epaileak espetxera bidaltzeko agindu du.

Erasoa ostegun goizaldean, 03:00ak aldera, gertatu zen Iruñeko sanferminetan. Biktima (19 urteko emakume madrildar bat) Paulino Cabalerro kaleko atari batean sartu zuten eta sexu erasoa egin zioten.

Biktimak jarritako salaketaren ondoren eta berak emandako datuak baliatuta, ustezko bost erasotzaileak atxilotu zituzten: lau zezen plazan eta bosgarrena, ostera, Iruñeko auzo batean aparkatuta zegoen auto batean.

Bostak identifikatu eta atxilotu ostean, Nafarroako Foruzaingoak Udaltzaingoaren esku utzi zituen.

Atxilotuetako bat guardia zibila da eta Guardia Zibilak espedientea ireki dio sexu erasoan parte hartzea leporatuta kartzelara bidali duten agenteari, Guardia Zibilaren iturriek berri eman dutenez. "Bere parte-hartzea baieztatzen bada, erantzukizun penalak alde batera utzita, Guardia Zibilak diziplinazko barne araudia aplikatuko dio eta, ziurrenera, kanporatua izango da", gaineratu dute Guardia Zibilaren iturriek.

Bideoz grabatu zuten sexu erasoa

Bere autoan guardiako epaileak adierazi duenez, bideoz grabatu zuten sexu erasoa eta irudi horietan ikus daitekeenez bost gizonezkoek parte hartu zuten bortxaketan.

Autoan jasotako informazioaren arabera, "frogatuta" gelditu da espetxeratutako bost gizonak 19 urteko biktimarekin harremanetan jarri zirela uztailaren 7an goizaldeko hirurak aldera Gaztelu plazan eta guztiak emakumearen autora abiatu zirela.

Bidean, gizonek emakumea heldu eta Paulino Caballero kaleko 5. zenbakiko atarira sartzera behartu zuten.

Barruan zeudela, gizonek emakumea inguratu zuten eta, beren "nagusitasun fisikoaz" eta biktimak laguntza eskatzeko zuen ezintasunaz baliatuta, hainbat sexu eraso egin zizkioten eta hori guztia bideoz grabatu zuten. Gero, emakumeari eskuko telefonoa lapurtu eta erasoaren tokitik alde egin zuten.

Ebazpenean epaileak ziurtatu du nahikoa arrazoi badaudela bost espetxeratuei delitu horien ardura leporatzeko.

Atxilotuen familien erantzuna

Atxilotuen familiek agiria kaleratu dute, errugabetasun presuntzioa aldarrikatzeko eta euren senideentzako epaiketa justua eskatzeko. Familien ustez, "akusazio oso larriak" egin dira, eta argitaratu dituzten datu ugari "okerrak dira".

"Konpondu ezineko kaltea egiten ari dira", diote familiek, "eta pertsona guztiak errugabe dira, kontrakoa frogatzen ez den arte". Gainera, akusatuentzako epaiketa justua eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Tratu txarrak Espainian Albisteak Nafarroa San Fermin jaiak Albisteak