Gizartea -
Heriotza Duinaren Legea
Legebiltzarrak onartu du heriotza duina izateko eskubidea arautzea
Aho batez onartu dute legea. Eutanasia eta suizidio lagundua legetik kanpo geratu dira, baina pazienteak "bizitzaren amaiera prozesu duina" izatea bermatuta izango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Heriotza duinerako legea izango du Euskal Autonomia Erkidegoak. Eutanasia eta suizidio lagundua legetik kanpo geratu dira, baina “bizitzaren amaieran” pazienteek eskubidea izango dute tratamenduei uko egiteko, horrek heriotza ekarri arren.
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du bizitzaren amaieran pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatuko dituen legea. Aho batez onartu dute, PSE-EEk egindako zuzenketa atzera bota ostean.
Lege berri honen arabera, bizitzaren amaiera prozesuan dauden pertsonek edo paziente ezgaituen kasuan haien erantzuleek eskubidea izango dute prozesu horretan eragina izango duten esku-hartze medikoen inguruan erabakiak hartzeko.
Tratamenduari uko egiteak pazienteen bizitza arriskuan jartzea ekar dezake. Erabaki hori zuzenean hartzeko edo borondate adierazpena bat sinatuta egin ahal izango dute.
Ebakuntzari edo tratamenduari uko egin arren, osasun asistentzia jasoko du pazienteak, batez ere mina eta sufrimendua arintzeari lotutakoak, “bizitzaren amaiera prozesua duinagoa eta jasangarriagoa izan dadin”.
Osasun asistentzia hori erietxean nahiz bere etxebizitzan jasoko du pazienteak, baita beste toki batean ere, hala eskatuz gero.
Horrez gain, lege berriak gaixoen intimitate, pribatutasun eta konfidentzialtasun eskubideak bermatuko ditu. Ildo horretan, pazienteak aukera izango du bere bizitzaren amaierako prozesuan banako gela batean egoteko. Senideek ere gaixoarekin ahalik eta denbora gehien igarotzeko beta izango dute.
Erietxeko gelak behar bezala egokituta egon beharko dira, pazientearen laguntzaileak deskantsatu ahal izateko. Era berean, garbiketak eta dietak bermatuko zaizkio, beharrezkoa izango balitz.
Arestian esan bezala, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek aho batez onartu dute EH Bilduk bultzatutako legea. Denek urrats garrantzitsutzat jo dute, PSE-EEk eta UPyDk salbu, anbizio handiko araudia egiteko aukera galdu delakoan.
Rebeka Ubera EH Bilduren bozeramaileak pozik agertu da, lege honekin “urrats esanguratsua” eman delako, bizitzaren amaieran dauden pazienteen borondatea “blindatzeko”. Eutanasiaren despenalizazioaren bide luzean “abiapuntua” dela erantsi du.