Gizartea -
Gipuzkoa
GuraSOSek erraustegiaren inguruko partaidetza prozesua eskatu du
Legezko ekimen bat sartu du Foru Aldundian, eta, ondorioz, lanak esleitzeko prozedura bertan behera geratu da behin-behinean, erakundeak erantzun arte.
agentziak | erredakzioa
GuraSOS erraustegiaren kontrako gurasoen plataformak legezko ekimen bat sartu du Gipuzkoako Aldundian azpiegitura horren inguruko partaidetza prozesua abian jar dadila eskatzeko. Ondorioz, erraustegia eraikitzeko lanak esleitzeko prozedura bertan behera geratu da behin-behinean, erakundeak erantzun arte.
Jose Maria Izeta eta Joseba Belaustegi GuraSOSen bozeramaileek aurkeztu dute ekimena, eta esan dute ez dutela planteatu ere egiten atzera botatzeko aukera. Era berean, Markel Olano ahaldun nagusiarekin eta Gobernantza eta Ingurumen arduradunekin eta alderdi politikoekin bilerak eskatuko dituztela iragarri dute.
Azaldu dutenez, ekimena aurkeztu ondoren, Zubietako erraustegirako "lanak esleitzeko prozesua automatikoki geratu da bertan behera", eta hilabeteko epea du Aldundiak erantzuteko.
GuraSOSek azpimarratu du herritarrek zaborrak kudeatzeko egitasmoan parte hartzea nahi duela, 2002-2016 epeari zegokion plana amaitzen ari delako "aurreikusitako erraustegia eraiki gabe".
Horren harira, 2002-2016 epeko egitasmoa onartu zenean Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Araua ez zegoela indarrean gogorarazi dute, eta arau horrek "erabakitzeko prozesu parte-hartzailea" martxan jartzeko ekimen herritarrak aurreikusten dituela "politika publiko bat indarrean jarri aurretik".
Erraustegiaren erabakia hartuta dagoen arren, GuraSOSek uste du herritarren parte-hartzea egokia izango litzatekeela, "eragin sozialagatik" eta proiektua "nabarmen aldatu" delako.
Baldintza bi horiek betetzea beharrezkoa da, hain zuzen ere, partaidetza prozesua abian jartzeko, 2010ean onartutako arauaren arabera.
GuraSOS maiatzean osatutako elkartea da, eta ekainaren 19an manifestazioa egin zuen Donostian erraustegiaren kontra. "Hondakinen arazoa" konpontzeko irtenbidea herritar guztien adostasunez lortu beharra dagoela eta "gipuzkoarren osasuna, haurrena bereziki, lehenetsi" behar duela uste du.