Gizartea -

Indarkeria matxista

Paul Abasolo, indultua jaso zuen lehen erasotzaile sexuala

Epaileek hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten arren, futbolariak ibilbide profesionala jarraitu ahal izan du.

Paul Abasolo futbolaria. EiTB
Paul Abasolo futbolaria. EiTB
Paul Abasolo futbolaria. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Abasolo Amantegui (Durango, 1984) futbolari bizkaitarra sexu abusuengatik kondenatutako eta Espainiako Gobernuak indultatutako lehen erasotzailea da. Epaitegiak espetxe zigorra ezarri bazion ere, jokalariak jarraitu ahal izan du bere kirol ibilbidea. Hori bai, talde eta herri guztietan arbuio sozial handia piztuta.

Ertzaintzak 2006 eta 2007 urteen artean Gernikan bost emakumeri sexu erasoak egitea egotzi zion. Hala ere, lau erasogatik baino ez zuten epaitu, biktimetako batek salaketa kendu baitzuen epaiketaren egunean bertan.

2010ean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, hiru emakumeri sexu abusuak egitea egotzita. Laugarren salaketan absolbitu egin zuen, biktimak ezin izan baitzuen identifikatu. Horregatik, epaitegiak in dubio pro reo (zalantza kasuetan, akusatuaren alde egin beharra dago) printzipioa ezarri zion.

Kondenaren arabera, Abasolok "ukipenak" egin zizkien biktimei, indarra erabiliz, eta bizkarretik helduta. Hiru emakume horietatik, biri etxeko atarian egin zien eraso, eta, hirugarrenari, kalean bertan, egunez.

2011n, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren Gobernuak indultua eman zion, Francisco Caamaño orduko Justizia ministroak proposatuta.

Hain zuzen ere, 1808/2011 dekretuan, hiru urte eta hiru hilabeteko zigorra bi urteko zigor batengatik ordezkatu zuten, eta berreziketa programetan parte hartzea ezarri zioten. Horregatik, kirolariak ez zuen kondena bete, eta espetxean bost hilabete baino ez zituen eman, atxilotu zutenean.

Mugimendu feministaren aurkako salaketa

2015ean, Abasolok salaketa aurkeztu zuen Durangoko Mugimendu Feministako kide baten aurka, bere kontra agertu ziren pintada eta pankarta batzuk egotzita.

Salaketa horren ondorioz, "Mugimendu feminista ez kriminalizatu" izeneko kanpaina bat abiatu zuten, eta 2.000 pertsonak baino gehiagok egin zuten horrekin bat.

Aurtengo otsailean, auzitegiak artxibatu egin zuen Abasoloren salaketa, frogarik ez zegoelako.

Ibilbide luzea hainbat taldetatik

Atxilotu zutenean, Abasolo Rean Irun taldeko izarretako bat zen, eta, klub horrekin, Bigarren Mailan jokatu zuen, 2009/2010 denboraldian. Athletic Clubek ere fitxatu nahi izan zuen, baina operazioa bertan behera utzi zuen sexu abusuen kasuen berri izan zuenean.

Indultuaren ostean, klub hauetan jokatu du Abasolok: Logroñes, Real Oviedo, Sestao River, Amurrio eta Zamudio. Azken talde horretan, umeen entrenatzaile kargurako ere fitxatu zuten, baina zeregin horretatik kendu zuten, alkateak eta klubak lortutako akordio baten ondorioz.

Leku guztietan arbuio sozial handia izan du, zaleak, herritarrak eta talde feministak aurka izan baititu.

Ekainaren hasieran, Abasolo Portugaleteko futbol taldera joan zen, eta herri horretan ere polemika handia piztu da.

Ostegun honetan (hilak 30), Portugaleteko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, eta klubari "fitxaketa politika berraztertzea" eskatu dio.

Kluba Abasoloren alde agertu da: "gainerako herritarren eskubide eta betebehar berdinak ditu, eta inork ez du zilegitasunik herritar bati eskubideak ukatzeko". Gainera, "aurrekari judizialak" izateagatik ez duela inor "baztertuko" ohartarazi du.

Portugaleteko Mugimendu Feministak, baina, azpimarratu du jokalariari "indultua" eman ziotela, baina ez zutela "errugabe" jo. Halaber, gogorarazi du kirolaria ez dela inoiz "damutu", eta ez duela barkamenik eskatu. Horregatik, zalantzan jarri du "gizarteratuta" dagoenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Portugalete Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguneko albisteak