Gizartea -

Irungo Alardeak

Festa-giroa nagusi, Irungo alardeetan

San Martzial Alardean parte hartu duten emakumeei babesa eman nahi izan diete Emakundek, Foru Aldundiak eta Arartekoak.

Irungo San Martzial Alarde tradizionala.
Irungo San Martzial Alarde tradizionala.
Giro paregabean ari dira ospatzen alarde mistoaren 20. urteurrena

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Festa-giroa izan da nagusi gaur Irunen, San Martzial egunean. Alarde tradizionalak eta alarde mistoak herriko kaleak zeharkatu dituzte istilurik gabe, bakoitzak bere aldetik, eta gorriz, zuriz eta beltzez jantzi dituzte Irungo bazterrak, jaietako egun handian.

Zeru argi eta tenperatu atsegina lagun, 7:40ean abiatu da desfile tradizionala. Urdanibia plazatik atera eta San Juan plazara jo dute 19 konpainiek.

San Juan plazan arma-ikuskatzea eta deskargak gidatu ditu lehendabizikoz Paco Castillo jenerala, zaldi gainean.

Emakumeek kantinera gisa bakarrik parte hartzen dute alarde horretan; 19 konpainiaz osatuta dago, bakoitzak bere kantinera du, eta 7.857 gizon biltzen ditu. Kaleak jendez gainezka izan dira ibilbide osoan.

Alarde mistoak konpainietan emakumeen agertzea aldarrikatzen du, eta 10:20an abiatu da 1.200 lagunekin, Alarde tradizionalak egindako ibilbide beretik.

Aurreko urteetan bezala, Jose Antonio Santano Irungo alkate sozialistak Alarde tradizionalari baino ez dio harrera egin, Udalean.

Bestalde, Manuel Lezertua Arartekoa eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Alarde mistoan parte hartu dute emakumeei babesa emateko.

Halaber, Denis Itxaso (PSE-EE) Kultura foru diputatuak alarde mistoa hartu du Udaleko etxabean. Itxasok desfile bietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuen 2015eko foru hauteskundeetan.

Bestalde, Xabier Olano eta Ainhoa Elola izan dira, besteak beste, EH Bilduren ordezkari gisa.

Alardeen inguruko polemikak 20 urte bete ditu aurten. 1996an emakume talde batek alarde tradizionalean sartu zen emakumeen parte hartzea kantineraz haratago joatea aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Irun Gaurko azken ordukoa Irungo alardea albisteak