Gizartea -
uztailaren 13an eta 14an
Cabacas sendiak 'egia, ordaina eta justizia' eskatuko du Europan
"Oztopoak oztopo, borrokatzen jarraituko dugu Iñigoren heriotza zigorrik gabe gera ez dadin, bere memoria zaindu eta gordetzeko, eta halako zenbait berriz gerta ez dadin", ziurtatu dute.
agentziak | erredazkioa
Iñigo Cabacasen familiak, akusazio partikularraren abokatuek eta Iñigo Gogoan plataformako kideek Europako Parlamentura eramango dute uztailaren 13an eta 14an euren aldarria: "Egia, aitortza, ordaina eta justizia", 2012ko apirilean Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zen athleticzalearen heriotza argitzeko.
Manu eta Fina hildako gaztearen gurasoak, Jone Goirizelaia eta Irma Orozko abokatuak, Iñigo Gogoan Plataformako kideak eta zenbait senide prentsaren aurrean agertu dira gaur, asteazkena, Bilbon, prozesu judizialaren berri emateko, 10 zenbakiko Auzitegiko epaileak instrukzio epea sei hilabetez luzatzeko erabakia hartu eta gero.
Iñigo Cabacasen aitaren esanetan, "Ertzaintzak Iñigoren heriotzarekin eragindako min bidegabeak bultzatzen gaitu aitortza eta ordaina eskatzera, biktimatzat hartzen diren bestelako biktimek duten aitortza eta ordaina, maila berean".
Gainera, gaineratu duenez, " polizia-etxeetan dagoen Q kalitatezko marka ez da saldu nahi gaituzten Ertzaintzaren kalitatearen erakusgarri; eragindako mina eta erantzukizuna onartu behar da, dagokionean".
Halaber, Manu Cabacasen arabera, "Aldekoak diseinatutako operatibo batean Iñigo hil izana nahiko larria da". "Ez dugu esango horrek duintasuna kentzen ote dion, Ertzaintzak botatako pilota batek gure semea hil ostean, baina bizi izan duguna eta bizitzen ari garena ez da duina, iraingarria, umiliagarria da, eta apirilaren 5ean gertatutan zuk eta beste batzuek ere erantzukizunik izan duzue", esan du.
Prozesua
Bide judizialari dagokionez, Jone Goirizelaiak esan du, sei hilabeteko epe berria ezarri eta gero, "gertatutakoa argitu, zigorgabetasun eta ikerketa gertakari larri batzuk estaltzeko erabili izanaren sentsazioa saihestea" da akusazio partikularraren helburua.
Gainera, akusazio partikularra Bizkaiko Probintzia Auzitegiak helegitearen gainean (instrukzio epaileak zantzuak ukatzeko moduaren gainean) noiz erabakiko zain daudela esan dute; epailearen argudioa da "egile materiala ikertu egin behar dela, berdin dela nork agindu zuen zer, berdin dela indarrean zeuden arauak errespetatzea, berdin dela legedia betetzea, prozesu honek ikertu behar den gauza bakarra dela nor izan zen egile materiala", azaldu du Goirizelaiak.