Gizartea -

Huesca

Mendizale bilbotar bat hil da Benasqueko haranean

Hildakoa, 52 urtekoa bera, 150 metrotik erori da. Antza, eskalatzen ari zen, beste mendizale batzuekin, eremuko toki ezagunenetakoan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilen bizi den 52 urteko mendizale bilbotar bat hil da gaur Benasqueko haranean (Huesca), Sacs izeneko via ferrata eskalatzen ari zenean, itxura denez. Aragoiko Pirinioetako ezagunenetakoa da via ferrata hori. Hildakoa 150 metrotik erori da, ikertzen ari dira zergatik.

Guardia Zibilaren iturriek Eferi jakitera eman diotenez, 11:15ean jaso dute dei bat 112 zerbitzuan, mendizale bat via ferrata horretan erori dela jakinarazteko.

Talde berezi bat bidali dute, baina ez dute istripua izan duen laguna aurkitu. Hori dela eta, via ferrata igotzeari ekin diote, eta ibilbidearen erdian topatu dute gorpua, 11:45ean. Ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko, eta mendizalea hilda zegoela baieztatu besterik ezin izan dute egin.

Guardia Zibilaren laguntzarekin, Benasquera eraman dute gorpua, eta bertan egingo diote autopsia.

Iturri horiek nabarmendu dutenez, erreskate oso zaila izan da, lurraldea oso malkartsua baita.

"Oso minduta"

Gerora, espezialistek hildakoarekin zihoazen hiru mendizaleak eta istripua jazo den lekutik apur bat gorago zeuden beste lau lagun batu dituzte. Oso minduta zeuden guztiak, eta espezialisten laguntza jaso diete. Biktimarekin zihoan emakume bat helikopteroz eraman dute, shock egoeran baitzegoen.

Sacseko via ferrata klasikoa da mendizaleentzat, Pirinioetako eremu honetan; ibilbide luzekoa da, eta eskaladako azken zatian oso bertikala da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gaurko azken orduko albistea