Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gasteizko Udalak elkarretaratzea deitu du asteazken honetarako
Protesta eguerdian izango da, udaletxearen aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakundek "gaitzespen sendoa" adierazi du Gasteizko hilketa matxistaren aurrean.
Gizon batek emakume bat hil izana aitortu dio Ertzaintzari, eta gorputza zatitu eta gorpuzkiak Zadorra ibaira bota dituela esan dio.
Agiri batean, Emakundek babesa adierazi die biktimaren sendiari eta lagunei, eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra "jarrera aktiboa" izatea eskatu dio gizarteari.
Antza denez, hiltzaileak eta biktimak elkar ezagutzen zuten, baina ez ziren bikotekide.
Udalaren gaitzespena
Gasteizko Udalak ere gaitzetsi egin du hilketa, eta biktimaren senideei laguntzak emateko prest agertu da.
Adierazpen instituzional batean, Udalak adierazi du emakumeen aurkako indarkeria arazo "soziala, politikoa eta publikoa" dela, eta horren jatorria “desberdintasuna mantentzen duen sistema patriarkala" dela.
Gainera, konpromisoa hartu du neurri "eraginkorrak eta zuzenak" abiatzeko, eta "benetako berdintasuna" lortzeko "baliabideak" bideratzen jarraituko duela aurreratu du.
Bi elkarretaratze
Udalak elkarretaratzea deitu du bihartko, eguerdian, udaletxearen aurrean.
Mugimendu feministak ere protesta egin du gaur, eta dozenaka pertsonak hartu dute parte.