Gizartea -
Agurainen
Araba Euskaraz ospatuko dute gaur Agurainen 'Geroari begira'
Gaur bildutako dirua eraikina eraberritzeko erabiliko du Lautada ikastolak.
O.A. | EITB.EUS
Araba Euskaraz Arabako ikastolen aldeko festa hartuko du Agurainek gaur, "Geroari begira" lelopean. Aguraingo Lautada ikastolak antolatu du aurtengo jaia eta badu esperientzia zeregin horretan; izan ere, antolatzen duen hirugarren aldia du. Gaur bildutako dirua eraikina eraberritzeko baliatuko du Lautada ikastolak.
Aguraingo Lautada ikastola gaztea da- 7 urteko ibilbidea du-, baina 200dik gora ikasle ditu. Angel Olalde Araba Euskarazeko koordinatzaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, Lautada ikastolak "aurrera" begiratu nahi du. Olalderen esanetan, Agurainen eta Arabako lautadan euskaldunen kopurua hazteko ez da nahikoa haurren euskalduntzea bermatzea; aitzitik, helduek euskara ezagutzea eta erabiltzea ezinbestekoa dela uste du. Hori dela eta, aurten Aguraingo AEK omenduko dute.
Lau gunetan banatuta, adin eta gustu guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte Agurainen: herri kirolak, tailerrak, haurrentzako jolasak eta pailazoak, eta, nola ez, musika kontzertuak.
Galzar gunea (1. gunea) kontzertuen gunea izango da eta, estilo askotariko doinuz jantziko da egun horretan. Hain zuzen ere, Oihan Vega izango da agertokira ateratzen lehena. Zalantzarik gabe, milaka gaztetxo bilduko ditu Gazteako esatariaren musikak, baita geroago iritsiko den McOnak taldearen emanaldiak ere. 14:30ean igoko dira oholtzara lekeitiarrak, eta ondotik Eraturen zuzenekoak hartuko du lekua. Bukatzeko, 17:30ean Hesianek itxiko du kontzertuen zikloa.
Hori gutxi ez eta, Sagarmin gunean (2. gunea) bestak beste, Oxabiren doinuak entzungo dira, baita Arramazkaren abestiak ere.
Hirugarren gunea, Bentatxo, dantzarako gunea izango da. Eguerditik hasita Zumba tailerra, Batukada eta Oskiozola taldea izango dira.
Laugarren gunea aldiz, haurren gunea izango da. Etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eta Eriz magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Eguna bukatzeko, 17:30etatik aurrera, haurrei zuzendutako disko festaz gozatzeko aukera ere izango dute.
Eguraldiaren aurreikuspena:
Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, eguraldiak hobera egingo du gaur. Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko badu ere, ahulago ibiliko da eta hodei geruza tarteka zulatu egingo da, bereziki arratsaldean. Hegoaldean, urdinguneak gailenduko dira eta ziertzo haizeak ere indarra galduko du. Poliki-poliki tenperatura errekuperatuz joango da.
EGITARAUA