Gizartea -
Metroa Donostian
Ehunka lagunek eskatu dute Donostiako Metroaren proiektua gelditzeko
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, protestan izan direnek eskatu dute, halaber, prozesu partizipatiboa izatea; mugimenduaren ordezkarien esanetan, ez da gauzatzen ari aipatu prozesua.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, ehunka lagunek hartu dute parte, larunbat eguerdian, Donostiako Metroaren aurkako manifestazioan. Protestak xede izan du eskatzea proiektua bertan behera utzi dezatela, bai eta galdatzea prozesu partizipatiboa, egitasmoaren inguruan; izan ere, aipatu prozesua ez da egun gauzatzen ari, Satorralaiaren esanetan. Manifestazioa 12:00etan irtengo da Easo plazatik "Donostian metroa gelditu, herriari galdetu!" lelopean.
Lur azpiko igarobideari buruzko herri galdeketa bat antolatzeko eskatuko dio Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Halaber, hilabete bukaeran herri galdeketa egitea eskatzeko sinadurak aurkeztuko ditu aipaturiko mugimenduak. Satorralaiaren esanetan, dagoeneko 6.000 sinadura inguru jaso dituzte.
Manifestazioaren kartela.
70 pertsona ezagun inguruk bat egin dute Donostialdeko Metroaren proiektua gelditzea eskatzen duen manifestuarekin.
Nekane Maritxalar Satorralaia mugimenduko kideak aste honetan azaldu duenez, lur azpiko igarobidearen proiektua gelditzeko eta informazio eta parte-hartze prozesu publiko bat irekitzeko eskatzen dute, herritarrek eztabaidetan eta erabakietan parte har dezaten.