Gizartea -

Animalia abandonatuak

Abandonatuta zituzten 36 animalia konfiskatu dituzte Basaurin

Bizkaiko Foru Aldundia animaliak babesteko elkarteekin jarri da harremanetan, animalia abandonatu horientzako lekua aurkitzeko.

36 animalia aurkitu dituzte desnutrizio egoeran, Basaurin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak abandonatuta eta elikatu gabe zituzten 36 animalia (15 zaldi, 10 asto, 11 poney eta txerri bat) konfiskatu ditu ostegun honetan Basaurin. Animaliek malnutrizio sintomak zituzten, eta batzuk identifikatu gabe zeuden.

Aldunditik esan dutenez, animaliak erreskatatzeko operazioa salaketa baten ondorioz hasi zen. Aldundiak albaitari bat bidali zuen haiek ikuskatzera, eta animalien egoera aztertu ondoren, malnutrizio sintomak antzeman zizkien animaliei. Horrez gain, instalazioetan higiene falta handia ere antzeman zuen, besteak beste, animalien hezurrak inguruan botata ikusi baitzituen.

Foru Aldundiak zigor-espediente bat zabaldu dio instalazio horien jabeari, hutsegite larriak egotzita: lizentziarik gabe esplotazioa zabalik izateagatik, hildako animalien gorpuak abandonatzeagatik, animaliak identifikatu gabe izateagatik, animaliak babesteko arauak ez errespetatzeagatik eta administrazioaren ikuskapenei trabak jartzeagatik. Hala ere, ez dute lehenengoz zigortu instalazio horien jabea; izan ere, 14 aldiz zigortu dute aurretik antzeko hutsegiteengatik.

Bizkaiko Foru Aldundia animaliak babesteko elkarteekin harremanetan jarri da, animalia abandonatu horientzako lekua aurkitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak