Gizartea -
Gurutzetako ospitalea
Pediatra: 'Barakaldoko umearen kasua ez da batere ohikoa'
“Bakterio batek odolean sortutako infekzio bat izan da, ez da normalean larria izaten, batez ere eztarrian”, azaldu du Javier Benito Gurutzetako ospitaleko Pediatria Larrialdietako buruzagiak.
eitb.eus
Barizelak shock septiko bat eraginda hil zen 4 urteko haurraren kasua “batere ohikoa” ez dela ziurtatu du Javier Benito Gurutzetako ospitalearen Pediatria Larrialdi zerbitzuetako buruzagiak.
“Bakterio batek odolean sortutako infekzio bat izan da, ez da normalean larria izaten, batez ere eztarrian”, azaldu du ETBn.
Hala ere, “nahiz eta normalean barizela onbera izan, defentsak murrizten dituzten eritasunekin batera, gaixotasun larri bilakatu daiteke zoritxarreko bukaera horrekin”, erantsi duenez.
A estreptokokoa
Analisiek ondorioztatu dute A estreptokoko batek eragin duela Barakaldoko umearen gaixotasuna. Horregatik, prebentzio protokoloa abiatu diete umearekin harreman estua izan duten pertsona guztiei, bai senideen artean, bai haren ikastetxean.
A estreptokokoa sarritan eztarrian dagoen bakteria bat da, baina gehienetan ez du gaixotasunik sortzen, edo, gehienez, infekzio arin bat eragin dezake. Hori bai, batzuetan gaixotasun larriak eragin ditzake.
Gaixorik dagoen pertsona baten mukiak ukitzean transmititzen da bakteria hori, eta antibiotikoen bidez tratatu egiten da.