Gizartea -
Auzitegi Nazionala
Ana Duatok dio ez zuela Nummaria bulegoaren iruzur fiskalaren berri
Fernando Peñaren bulegoak egindako iruzurraren berri ez zuela eta "lasai" dagoela esan du Ana Duato aktoreak, Auzitegi Nazionalean.
agentziak | erredakzioa
Ana Duato triste agertu da gaur goizean Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu eta gero. Nummaria abokatuen bulegoaren bitartez, 2010 eta 2012 urteen artean, Ogasunari iruzur egindako 794.388 euroen berri ez zuela esan du aktoreak epailearen aurrean, auzitegietatik Europa Press albiste agentziari emandako informazioaren arabera.
Duato eta bere senarra Miguel Angel Bernadeau (‘Cuentame como pasó’ telesailaren ekoizlea) ikertuak izaten ari dira Auzitegi Nazionalean Ogasunari egindako ustezko iruzur fiskalagatik. Moreno epaileak zigortzeko moduko kaudimengabezia eta kapitalak zuritzea delituak egotzi dizkie Duatori eta Bernadeauri. Antza, delitu horiek Nummaria abokatuen bulegoaren bitartez egin zituzten, eta guztira bulego horrek 15 milioi euroko iruzurra egin zuen.
Aktoreak epailearen eta fiskalaren galderei erantzun die eta inolako irregulartasunen berri ez zuela azaldu du. Era berean, zergak ez ordaintzeko asmoarekin, abokatuen bulegoak legez kanpoko enpresak sortu zituenik ez zekiela esan du.
Duatok bere errugabetasun-presuntzioa defendatu du Auzitegi Nazionaletik ateratzean. “Lasai nago gauza asko argitu direlako”, esan du.
IMANOL ARIASEK EKAINAREN 29AN DEKLARATUKO DU
Ostegun honetan, Imanol Ariasen arrebaren, Ana Isabel Arias Dominguezen, deklarazioa egiteko txanda izango da, eta datorren ekainaren 29an, Imanol Ariasena. Auzitegi Nazionalak, 2010 eta 2014 urteen artean, 2,18 milioi euro iruzur egitea egotzi dio aktoreari.