Gizartea -
Bilbo
Epaileak gaur erabakiko du 'Cabacas auzia' luzatu ala itxi
Gomazko pilotak jaurti zituzten hiru ertzain, istiluen kontrako furgonetetako bi buruzagi eta 'Ugarteko' daude inputatuta.
agentziak | erredakzioa
Ana Torres Bilboko Instrukzioko 10 zenbakiko Epaitegiko arduradunak asteartea baino lehen erabaki beharko du 'Cabacas auzia'ren instrukzioaren epea luzatu ala itxi, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Aipatu iturriek zehaztu dute gaur amaituko dela duela lau urte irekitako instrukzioa amaitzeko epea, prozedura "konplexua" dela erabaki ezean, horrek ikerketa luzatuko bailuke.
2012ko apirilaren 5ean, Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko etxarte batean, Athleticen eta Schalke 04 taldearen arteko partidaren ostean, gomazko pilotak jaurti zituzten hiru ertzain, istiluen kontrako furgonetetako bi buruzagi eta 'Ugarteko', ertzain-etxetik operazioa koordinatu zuen burua, daude inputatuta.
Iñigo Cabacasen familiaren izenean lan egiten duen akusazio partikularrak instrukzio epea luzatzeko eskatu du, froga gehiago eskatu dituelako. Bestalde, Fiskaltzak uste du ez dagoela epea luzatzeko arrazoirik, eta instrukzioa ixteko eskatu du, dagoeneko lau urte igaro baitira.
Instrukzio epea luzatzeko, "kasu konplexutzat" jo behar du Fiskaltzak, eta baztertu egin du aukera hori. Akusazio partikularrak, berriz, epea luzatzeko eskatu du, eta epaileak onartu ala ez erabaki beharko du. Instrukzioa luzatzea onartuz gero, autoan zehaztu beharko du epea.
Senideek eta lagunek elkarretaratzea egingo dute eguerdian instrukzioa iz ixtea aldarrikatzeko.