Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute arratsalderako euriteengatik, EAEn
Abisu horia arratsaldeko hiruretatik bederatzietara izango da indarrean, eta zaparrada mardulak eta txingorra izan daitezke zenbait lekutan, batez ere barnealdean.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abisu horia aktibatu du gaur arratsalderako, metro karratuko 15 litro euri egitea espero baita, barnealdean batez ere.
Abisua arratsaldeko hiruretatik bederatzietara izango da indarrean,eta zaparrada mardulak eta txingorra izan daitezke zenbait lekutan, batez ere barnealdean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Gainera, Euskalmet agentziaren iragarpenaren arabera, biharko euriteak espero dira Kantauri itsasoan, baina egunak aurrera egin ahala, gero eta eskasagoak izango dira. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, indar gutxirekin, eta tenperaturek behera egingo dute.
Igande goizean, zerua oso estalita egongo da kostaldean, baina arratsalderako, zerua zabaltzen joango da eta haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperaturek gora egingo dute, barnealdean bereziki.