Gizartea -

Protesta ekintza

Laudioar bat, gose greban, enbaxadetako 'gehiegikeriak' salatzeko

12 urte daramatza Juan Ramon Martinek Riadeko enbaxadan lanean, eta maiatzaren 4az geroztik likidoak baino ez ditu edaten. Elkarrizketa egin dio eitb.eus-ek.

Maiatzaren 4an ekin zion gose grebari Martin Menoyok.
Maiatzaren 4an ekin zion gose grebari Martin Menoyok.
Maiatzaren 4an ekin zion gose grebari Martin Menoyok.

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

29 egun daramatza ura, edari isotonikoak eta astigar jarabea bakarrik hartzen, eta 10 kilo gutxiago ditu aldean, baina borrokan jarraitzeko "indartsu" ikusten du bere burua oraindik. Jakin badaki eskatu dituen aldaketek "denbora" behar dutena, ez baitira konpontzen errazak. Hauxe da Juan Ramon Martin Menoyo Saudi Arabian bizi den Laudioko gizasemearen egungo egoera.

Arabarra kontulari lanetan hasi zen duela 12 urte Espainiak Riaden (Saudi Arabia) duen merkataritza bulegoan. Urte hauetan, "irregulartasun, botere gehiegikeria eta bidegabekeria" ugari ikusi ditu bere bulegoan zein munduko beste ordezkaritza diplomatiko batzuetan.

Askotan salatu dituen arren, hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki zuen maiatzaren 4an, eta gose greba mugagabe bati ekin zion Ministerioari eta Espainiako Gobernuari "Atzerri zerbitzuaren erreforma sakona" galdegiteko. Zerbitzu honen baitan daude, besteak beste, enbaxadak, kontsulatuak, merkataritza bulegoak, Cervantes Institutua eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak.

Riadetik idatziz egindako elkarrizketan nabarmendu duenez, salatutakoa ez da auzi "isolatu edota zehatza", ezta kontu makala ere: Espainiak 118 herrialdetan ditu ordezkaritzak, eta 6.000 funtzionario eta beste hainbeste kontratupeko langile ditu.

Estatuko Atzerri Zerbitzuaren erreforma sakona

Arabar honen esanetan, Espainiaren Atzerri Zerbitzua "zaharkitua, bidegabea eta hierarkizatua" da, eta horrek "kontratazioetan botere gehiegikeriak, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eta inpartzialtasun eta gardentasun gabeko hautaketa prozesuak" eragin ditu. Horrez gain, ez dago inolako neurririk irregulartasun horiek guztiak "modu eraginkorrean kontrolatzeko eta ikuskatzeko", horren aburuz.

Egoera larria izanda ere, bi gertakarik bultzatu zuten laudioarra gose greba hastera: lankide bati legez zegokion kalte-ordaina ez ematea eta hauteskunde sindikalak ez egitea. Hain zuzen ere, horiek dira Juan Ramon Martinen aldarrikapen nagusiak, eta bi eskari gehiago egin ditu: Atzerri Zerbitzua goitik behera erreformatzea, eta "diplomaziak duen gehiegizko boterea" konpentsatzeko kontrolak eta bermeak ezartzea.

Arabar honen ustean, langile publikoek euren "kexak eta proposamenak" helarazteko modua eduki beharko lukete, betiere zerbitzua hobetzeko bidean.

Ministerioaren erantzunik ez, oraingoz

Protesta hasi zuenetik ia hilabete igaro den honetan, babes mezu dezente jaso ditu laudioarrak, baita espero zituenak baino gehiago ere: lankideek, alderdi politiko batzuek (Equo, Podemos eta Ezker Anitza) eta UGT eta CCOO sindikatuek aldeko mezuak helarazi dizkiote.

Juan Ramón Martín Menoyo laudioarra huelga de hambre embajada Riad.

Borrokan jarraitzeko "indartsu" ikusten du bere burua Martin Menoyok.

Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, ordea, ez die eskakizun horiei erantzun. Ekonomia eta Mekataritza Bulegoen Zuzendariordetzak idatzi batekin erantzun zien hark bidalitako gutunari. Bertan irakur daitekeenez, ez dute "arrazoi objektiborik" ikusi laudioarraren protestan. Izan ere, "inongo objektibotasunik ez duten balorazio subjektiboak dira; zenbaitetan, gainera, iraingarriak dira".

Espainiak Riaden duen enbaxadoreak ostegun honetan bertan jakinarazi dionez, berarekin bilduko da aurki. Aurrez, baina, eskaerei erantzuteko "eskumenik ez" zuela adierazi zion.

Gose greba ez ezik, Change.org plataforman sinadura bilketa abiatu du Martin Menoyok. Ia 1.400 lagunek babestu dute dagoeneko laudioarraren argudio, salaketa eta eskakizunak biltzen dituen idatzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Espainiako Gobernua bideoak Laudioko albisteak Gizartea bideoak Albisteak Saudi Arabiari buruzko albisteak Aiarako kuadrilla gaur