Gizartea -

Erraustegiaren aurka

Ertzaintzak kanpaldiko bi kide atxilotu ditu Gipuzkoa plazan

Bi gazteak atxilotu ondoren, Ertzaintza plazatik atera da. Bi atxilotuek identifikatzeari uko egin diote, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

Erraustegiaren aurkako kanpaldia Donostian. Argazkia: EiTB
Erraustegiaren aurkako kanpaldia Donostian. Argazkia: EiTB
Errauskailuaren aurkako kanpaldiko bi kide atxilotu ditu Ertzaintzak

Euskadi Irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erraustegiaren aurka eta mundu jasangarriago baten alde Donostiako Gipuzkoa plazan egiten ari diren protestak laugarren gaua bete du gaur, Euskadi Irratiak azaldu duenez.

Ertzaintzak protesta eten du berriro goizean, eta bi gazte atxilotu ditu. Ondoren, plazatik atera da, zenbait komunikabidek jakitera eman dutenez.

Bi atxilotuek identifikatzeari uko egin diote, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. 09:45 aldera Ertzaintzaren dispositibo zabala Gipuzkoa plazara joan da eta protestako arduradunekin hitz egitea eskatu du.

Ertzaintzako bozeramaileak eta kanpaldiko parte-hartzaileek azaldu dutenez, herri mugimendu bat izanik, buruzagirik ez zegoela esan diete manifestariek ertzainei.

Une horretan identifikatzeko eskatu diete bi gazteei, eta horiek uko egin diote. Horregatik, atxilotu eta polizia-etxera eraman dituzte, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.

Atzo goizean Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kanporatu egin zituzten protestagileak, baina gauean, ehunka lagunek babestuta, berriz itzuli dira bertara.

Ehun bat lagunek pasatu dute gaua Gipuzkoa plazan, erraustegiaren aurka protestan. Atzo arratsaldean itzuli ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren atari aurrera, igandetik bertan zuten kanpalekua goizean hustu ostean.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak goizean iritsi ziren Gipuzkoa plazako kanpalekua hustera, eta tentsio-uneak izan baziren ere, manifestariek kanpalekua kendu zuten, eta Donostiako Boulevard zumardiara joan ziren.

18:30ean, baina, ehunka lagunek batzarra egin zuten, eta Gipuzkoa plazara itzultzea erabaki zuten. Itzulera zihoazenean sortu ziren istiluak Ertzaintza eta manifestarien artean.

Elkano kalean egin zuten azkenik bilera, eta giroa apur bat lasaitu eta gero, kanpalekua jarri zuten berriro Gipuzkoa plazan, eta han eman dute gaua. “Protestak ez du etenik izango”, adierazi digu Mikel Olabide Gipuzkoa Zutik mugimenduko partaideetako bat.

Egunero hiru batzar egingo dituzte, eta ekitaldiak iragarri dituzte astebururako, erraustegiaren aurkako protestak oihartzun handiagoa izan dezan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Gipuzkoako albisteak Albisteak