Gizartea -

Eskola Kontseilua

Jaurlaritzak dio Mugertza agintaldia amaitu zaiolako kenduko dutela

Isabel Celaa buru duen Sailak argi adierazi nahi izan du ez dutela kargutik kendu Bizikidetza Planean izan diren desadostasunengatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Sailak adierazi du Konrado Mugertza Eskola Kontseiluko presidentearen ordezkapena agintaldia amaitu zaiolako izango dela, ez Bizikidetza Planaren inguruan sortu diren desadostasunengatik.

Patxi Lopez lehendakariak berak ere Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, Mugertza iragan apirilean ordezkatu behar zuten, baina karguan mantendu dute berak hala eskatuta. Hori horrela, gai hori "bere onetik ez ateratzeko" eskatu du.

Hezkuntza Sailak agiri bat kaleratu du Gara egunkariak gaur kaleratu duen informazioa gezurtatzeko. Berripaperean agertzen denez, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak Jaurlaritzaren Bizikidetzarako Plana kritikatzeagatik kargugabetu behar du Mugertza.

Hezkuntza Sailetik azaldu dutenez, Mugertza 2006ko apirilaren 6an izendatu zuten Eskola Kontseiluko presidente, Tontxu Camposek Hezkuntza sailburu kargua hartu eta berehala.

Kargu hori kentzea edo izendatzea Hezkuntza sailburuari dagokiola azpimarratu dute, eta Isabel Celaak Mugertza hor mantentzea erabaki zuela, lau urteko agintaldien "tradizioarekin" jarraitzea argudiatuta.

Konfiantzazko kargu bat izan arren, sailburuak nahiago izan zuen lau urteko agintaldia amaitzen utzi erakundeari "normaltasuna" emate aldera. Gainera, Mugertzak berak eskatu omen zuen agintaldia luzatzea lan batzuk amaitzeko eta Toledoko Kongresura joateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea