Gizartea -
Abiadura kontrolak
Donostiako radar ibiltaria, lanean
Abiadura mugak errespetatzen ez diren hainbat puntutan ibiliko da neurketak egiten.
EITB.EUS
Donostian, gaur hasi da lanean hiriko hainbat puntutan abiadura neurtzen arituko den radar ibiltaria. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, batetik bestera ibiliko da radarra, disuasio-neurri gisa.
Helburua hiriko trafiko-segurtasuna hobetzea da, gidariek gehienezko abiadura gainditu ez dezaten. Izan ere, Udalak baieztatutakoaren arabera, hainbat bidetan ibilgailuek gainditu egiten dute gehienezko abiadura. Hain justu, tarte horietan erabiliko dute radarra.
30 eta 50 kilometro orduko gehieneko abiadura duten hainbat bidetan egingo ditu neurketak, besteak beste, hauetan: Loiolako Erribera, Federico Garcia Lorca, Begiristain doktorea, Lugaritz, Peruene, Pio Baroja, Ategorrieta, Aintzieta, Tolosa hiribidea, Oriamendi edo Santserreka-Mirakontxa.
Udalaren esanetan, urraketa gehien hemen egiten dira: Lugaritz pasealekua, Berio pasealekua, Begiristain doktorea pasealekua (Onkologikoaren ondoan), eta Martutene pasealekua (kartzela ondoan). Leku horietan, ibilgailuen erdiak baino gehiago (% 51,89 eta 61,12 bitartean) igaro ziren gehieneko abiadura (50 km/h) gaindituta; Lugaritz pasealekuan, abiadura neurtu zuten egunetan, batez beste 65,24 km/h-ko abiaduran zihoazen ibilgailuak.
Hortaz, radarrak gehieneko abiaduratik gora zihoazela "harrapatutako" gidariek etxean jasoko dute dagokien isuna: 100 eurokoa, kasu arinak badira, eta 600 euroko isuna eta gidabaimeneko 6 puntuko galera, kasu oso larrietan.