Gizartea -
Gipuzkoa
Ikerketa bat egingo dute, alardeen gatazkaren arrazoiak antzemateko
Gipuzkoako Diputazioak jakin nahi du alardeen inguruko arazoak zergatik jarraitzen duen soluziorik gabe 20 urte eta gero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkako Foru Aldundiak Irungo eta Hondarribiko alardeei buruzko ikerketa bat abiaraziko du, duela 20 bat urte piztutako gatazkaren arrazoiak antzemateko eta orain arte hartutako neurriek zergatik funtzionatu ez duten jakiteko.
Hala iragarri du Maribel Vaquero Giza Eskubideen zuzendariak Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Batzordean. Maite Peña Gizarte Politikarako diputatuak ere agerraldia egin du, EH Bilduk eskatuta, festetako desfile horien inguruan Foru Gobernuak hartuko dituen neurriez galdetuta.
Vaquerok azaldu du ekintza plan bat diseinatu aurretik ezinbestekoa dela “ikerketa kualitatibo bat” egitea, “gatazkaren oinarrian dauden arrazoiak antzemateko eta arazo hori urtez urte nola eta zergatik transmititu den jakiteko eta bi hamarkadaren ondoren konponbiderik gabe zergatik jarraitzen duen ulertzeko”.
Era berean, orain arte hartutako neurrien eraginkortasun eza aztertuko dutela iragarri du. “Bi jarrerak ez dira lehengo basakeriaz adierazten, baina egia da arazoak enkistatuta segitzen duela”, aitortu du.
“Ikerketa horrek esango digu nola jardun behar dugun eta non jarri behar ditugun indarrak, eta hori oinarri hartuta, ekintza plan bat egingo dugu”, erantsi du.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak alarde mistoa diruz laguntzen jarraituko duela berretsi du Giza Eskubideen zuzendariak.