Gizartea -
Tabakorik gabeko eguna
60.000 pertsona hiltzen dira urtero Espainian, tabakoaren ondorioz
60.000 horietatik 1.500 eta 3.000 pertsona artean erretzaile pasiboak dira. Espainiako biztanleen % 23,9k erre egiten dute eta erretzaileen kopuruak lau puntu egin du behera bi urtean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
60.000 pertsona hiltzen dira urtero Espainian tabakoarekin lotutako gaitzen ondorioz eta horietatik 1.500 eta 3.000 artean erretzaile pasiboak dira, Socidrogalcohol elkarte zientifikoak ohartarazi duenez.
Maiatzaren 31n ospatuko den Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunaren harira, oharra bidali du alkoholari, alkoholismoari eta bestelako toxikomaniei buruzko ikerketak egiten dituen Socidrogalcohol Espainiako elkarte zientifikoak. Horren esanetan, Espainiako biztanleen % 23,9k erre egiten dute eta Europako herrialdeen artean bederatzigarrena da, nahiz eta azken bi urtean lau puntu jaitsi den erretzaileen kopurua.
Halaber, Espainian goiz hasten dira erretzen, are gehiago, erretzaile goiztiarrenak dituen Europar Batasuneko herrialdea da Espainia. Enrique Ochoa Socidrogalcohol elkarteko kidearen hitzetan, "pakete neutroak orokortu, tabakoaren prezioa igo eta espazio publikoetan erretzeko debekua zabalduko balitz" erretzaileen kopurua jaitsi egingo litzateke.
Ildo horretan, Semergen lehen mailako arretako familia medikuen elkarteak bat egiten du Socidrogalcohol elkarteak egindako gomendioekin. Are gehiago, tabakoaren publizitatea, promozioa eta babesletza debekatuz gero tabakoaren kontsumoa % 7 jaitsiko litzatekeela ziurtatu du.
Gainera, Semergen elkarteak pakete neutroen aldeko apustua egiten du, tabako paketeen erakargarritasuna murrizten duela eta osasunari buruzko aholkuen eraginkortasuna indartu egiten duela argudiatuta.
Tabakismoa da eragotzi daitekeen heriotza kausa nagusietako bat da eta 10 urteko bizi galera eragiten du. Horrez gain, tabakoak 25 gaixotasun baino gehiagorekin lotura du eta kausazko harremana du minbiziekin, arnas aparatuko gaixotasunekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin.
SEOM Espainiako Onkologia Mediko elkarteak azpimarratu duenez, erretzea da Europar Batasunean minbiziaz hiltzen direnen determinante garrantzitsuena. Estimazioen arabera, minbizien % 16-40k tabakoarekin lotura dute.
Tabakoa kausazko eragilea da hainbat minbizitan: biriketakoan, aho-barrunbekoan, faringekoan, laringekoan, esofagokoan, urdailekoan, umetokikoan, puxikakoan, hesteetakoan, giltzurrunekoan, pankreakoan, prostatakoan eta leuzemia mieloide akutuan. Gainera, bularreko minbizia izateko arriskua handitu dezake.
AECC Minbiziaren kontrako Espainiako elkarteak azaldu duenez, 14 urtetik beherako haurren % 10,3k tabakoaren kea arnasten dute etxean eta horren ondorioz arnasbideetako hainbat gaixotasun izaten dituzte, asma edota pneumonia kasu.