Gizartea -

Egitaraua

Dagigun lelopean, milaka euskaltzale elkartu dira Durangon

Bildutako dirua Kurutziaga ikastolako eraikina berritzeko eta Ibaizabal ikastolaren zorra ordaintzeko erabiliko da.

Ibilaldia 2016. Argazkia: EFE
Ibilaldia 2016. Argazkia: EFE
Bizkaiko ikastolen eta euskararen alde jendetza hurbildu da Durangora

1:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka euskaltzale elkartu dira gaur Durangon egiten ari diren Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko jaian. Aurten, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatu dute Bizkaiko ikastolen urteroko hitzordua Dagigun! lelopean.

Lehen orduan eguzkia nagusi bazen ere, egunean zehar tarteka euria egin du. Dena den, euriak ez du Durangora bertaratu direnen aldartea ilundu eta antolakuntzak prestatutako ekitaldiekin gozatzeko parada izan dute.

Bost gunetan banatuta, adin guztietako euskaltzaleei zuzendutako jarduerak prestatu dituzte bisitarientzat.

Lehenengo gunean (Eraiki dagigun!), tailerrak, Flash Mov erraldoia, Ibilaldiaren koreografia eta hasierako ekitaldia egin dituzte. Gainera, hainbat kontzertu izango dira; bazkalostean, gehienak. Hain zuzen ere, besteak beste, 2ZIO eta Idoia Bediaga igoko dira oholtzara.

Bigarren guneak (Jolastu dagigun!) kirolak eta Kohatu, Vinagre de Moderna eta Yoko Out taldeen zuzenekoak hartuko ditu, eta eguneko emanaldi garrantzitsuena; izan ere, 17:30etik aurrera, Hesianen musikaz gozatuko dute hara gerturatzen direnek.

Hirugarren gunean (Sortu dagigun!), erromeria nagusituko da, baina tailerrek eta Hodei magoak ere izango dute bertan tokia.

Bertsolaritzak ere ez du hutsik egingo Durangon. Laugarren gunean (Hezi dagigun!) aritu dira bertsolariak, eta "Oholtza zapaldu dagigun!" ikuskizuna eta Azken Aukera taldearen musika izango dira gune horretan jaun eta jabe.

Bukatzeko, etxeko txikienei zuzendutako gunea (Dastatu dagigun!) atondu dute Kurutziaga Ikastolan.

MAM-eko argazkia: durango-ibilaldia_

Bosgarren gunea. Argazkia: EiTB

Uriarte sailburuak akordioaren garrantzia aldarrikatu du

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak akordioen beharra nabarmendu du etorkizuneko euskal Hezkuntza Legea egiteko.

Azaldu duenez, Hezkuntza saila Heziberri 2020 egitasmoaren hirugarren proiektua lantzen ari da eta Hezkuntzako eragileen eta, oro har, gizartearen laguntza eskatu du euskal Hezkuntza Legea lortzeko bidean pausoak emateko.

"Ikuspegi ezberdinak, baina helburu bera duen herri bat gara eta horrela jarraitu behar dugu", azaldu du. "Heziberri 2020 gu guztion lanaren emaitza da eta etorkizuneko euskal Hezkuntza Legea ere guztiok egina eta guztiontzat izango da. Herri honek merezi duelako", nabarmendu du.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Argazkia: EiTB

Mapa eta egitaraua

ibilaldia 2016 ibilbidea

 

Bildutako dirua, Kurutziaga Ikastolako HHko eraikina berritzeko eta Ibaizabal ikastolako eraikina egiteko

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatu dute aurtengo Ibilaldia, eta gaur bildutako dirua Kurutziaga ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina berritzeko eta Ibaizabal ikastolako Batxilergoko eraikin berria ordaintzeko erabiliko dute.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Joseba Balerdi Kurutziaga ikastolako lehendakariak ongi pasatzea desiratu die Durangora bertaratzen direnei. Hala ere, ongi pasatzeaz gain jaiaren funtsa ez ahazteko eta ikastolen proiektuari konpromisoa erakustera gonbidatu ditu guztiak.

Ibilaldian mila lagunetik gora arituko dira lanean eta horietatik ehun inguru eragile more izango dira; hain zuzen ere, eragile moreen presentzia izango da aurtengo berritasunetako bat. Balerdik azaldu duenez, boluntarioek jarrera sexista, homofobo edota, oro har, jarrera erasotzaileak direnei aurre egiteko prestakuntza jaso dute eta edonork tokiz kanpoko jarreraren bat ikustekotan peto moreak izango dira erreferente.

Bestalde, festa jasangarria izan dadin ahalik eta zabor gutxien sortzeko deia egin du Balerdik eta zarama bereizteko guneetan jarritako edukiontziak erabiltzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Ikastolen jaia Bizkaian Bizkaia Kultura Durango Eguneko albisteak