Gizartea -

Hezkuntza

Iruzurra Arabako 75 matrikulatan, ia erdia ikastetxe bakarrean

Hezkuntza Sailak Arabako 270 familiaren errolda ziurtagiriak ikertu ditu. Familia guztiak Gasteizen bizi dira, Laudioko bi izan ezik.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bi eta hiru urteko 75 umeren matrikulazioan iruzurra antzeman du Araban. Iruzurra Arabako zazpi ikastetxetan antzeman dute, ia erdia (34) Gasteizko itunpeko zentro bakarrean.

Sailak Arabako 270 familiaren errolda ziurtagiriak ikertu ditu, 2016-2017 ikasturterako seme-alaben matrikulazio prozesuan iruzurra egin dutelakoan. Familia guztiak Gasteizen bizi dira, Laudioko bi izan ezik.

Datorren ikasturteko matrikulazio egutegian errolden ikuskaritza sartu zuen Cristina Uriartek zuzentzen duen Sailak. Erroldekin ikastetxe bakoitzari dagokion eremuan bizi direla egiaztatu behar dute familiek.

Arartekoak errolda egiaztatzeko gomendioa eman zion Hezkuntza Sailari, ziurtagirietako datuak benetakoak diren begiratzeko. Hala, ustezko irregulartasunen berri ematen zuten salaketak izan direnean erroldak aztertu ditu Sailak.

Errolda faltsuen erabilera ikastetxeetara sartzeko praktika hedatua dela ziurtatzen zuten familia askok, eta ziurtagiriak egiaztatzeko gomendioa eman zuen Arartekoak.

20 Bizkaian eta bi Gipuzkoan

Ustezko irregulartasunen susmoak Araban zeuden gehienbat, eta Hezkuntza Sailak egindako azterketak susmoak baieztatu ditu; izan ere, Bizkaian 20 salaketa aztertu dituzte eta Gipuzkoan bi baino ez.

Gasteizko sei zentroetatik lau itunpekoak dira (Urkide, Veracruz, San Prudencia eta Niño Jesus) eta bi publikoak (Ikasbidea eta Abendaño).

Eskakizun gehien jasotzen dituzten hiriburuko ikastetxeak dira. Eskariak eskaintza gainditzen du urtero.

Seme-alabak ikastetxe horietatik at geratzen direla jakinarazteko familiekin harremanetan jarriko da Hezkuntza Saila. Ondorioz, aurre-matrikula garaian aukeratu zuten bigarren eta hirugarren aukerek izango dute orain lehentasuna.

“Behingoz”

Arazoari “behingoz” heltzea txalotu du Santa Gonzalez Denon Eskolako koordinatzaileak, “garbi jokatu zuten familiak galtzen ari direlako”.

Aitor Idigoras Steilaseko bozeramailearen hitzetan, iruzurra egin duten familiek erantzukizuna dute, baina “Administrazioak ardura handia” duela argi utzi du, “zentro batzuk beste batzuk baino hobeagoak bezala hartzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Iruzurrak albisteak Laudioko albisteak Gasteiz Aiarako kuadrilla gaur