Gizartea -

Bilbora bisita

Eromena Bilboko Zazpikaleetan, 'Dulceida' youtuberra ikusteko

Ehunka nerabe gerturatu ziren Bilboko saltoki batera beren idoloa ikustera. Ekitaldia atzerapenarekin hasiagatik aurreikusitako orduan amaitu zen segurtasun arrazoiak tarteko.

'Dulceida'.
'Dulceida'.
Harrera handia egin diote Bilbon Dulceida youtuber ezagunari

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dulceida izenez ezaguna den Aida Domenech blogari eta youtuberraren ehunka jarraitzaile gerturatu ziren atzo Bilboko Zazpikaleetako saltoki batera beren idoloa gertutik ikusteko. Ekitaldia atzerapenarekin hasiagatik ere aurreikusitako orduan amaitu zen, segurtasun arrazoiak tarteko. Domenechek saltokira bertaratu zen jende andanaren artetik atera behar izan zuen.

Bisita arratsaldeko zazpietarako aurreikusita bazegoen ere, dozenaka jarraitzaile elkartu ziren garaia baino lehen Jardines kaleko zapata denda baten atarian, hain zuzen ere, Dulceidaren Bilboko bisita antolatu zuen saltokiaren aurrean. Ekitaldira sartzeko ilarak Santiago plazaraino iristen ziren, katedralaren alboraino.

Jarraitzaileek (gehienak neskak) argazki bat atera nahi zuten Domenechekin, baina gutxi batzuek soilik lortu zuten beren helburua. Ekitaldia atzerapenarekin hasi zen, baina aurreikusitako orduan amaitu zen -luzatzeko aukerarik gabe- egoera hartzen ari zen itxura tarteko.

Rockeko izarra balitz bezala, "Ez dugu alde egingo Dulceida gabe" oihukatu zuten bertaratutako lagunek, guztiek beren idoloa ikusteko aukerarik ez zutela izango susmatu zutenean. Ondorioz, jendea saltokiaren atarian bildu zen, ilararik eta txandarik errespetatu gabe.

Udaltzaingoak esku hartu behar izan zuen Domenechen irteera ahalbidetzeko. Bertaratutako guztiei arretarik eskaini gabe Dulceida irteten ikusi zutenean zalaparta sortu zen denda atarian, eta Dulceida autoan eraman zuten bertatik.

Gaztearen ordezkariak Bilbon bizitakoaren adierazgarri diren pare bat bideo igo zituen Twitterrera:

 

Bestalde, Dulceidak eskerrak eman zituen Twitterren Bilbon izandako harreragatik.

 

Domenechek 400.000 harpidedun ditu youtuben eta 820.000 jarraitzaile, ostera, haren Instagram sare sozialeko kontuan. Bere bideo eta artikuluetan modaz, bidaiez, bere bizitza ereduaz eta zaletasunez, aritzen da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Youtube Bilbo berriak Gaurko azken ordukoa