Gizartea -

Epaiketa berria egitekoa da

Pablo Ibar elkarteak laguntza eskatuko du, defentsa ordaintzeko

Webgunean dirua emateko aukera jarriko dute, uste baitute erakundeen diru laguntzak ez direla nahikoak izango.

Pablo Ibar euskal jatorriko preso estatubatuarra. EFE
Pablo Ibar euskal jatorriko preso estatubatuarra. EFE
Pablo Ibar euskal jatorriko preso estatubatuarra. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heriotza Zigorraren aurkako Pablo Ibar Elkarteak herritarren laguntza ekonomikoa eskatuko du, epaiketa berriko defentsa ordaindu ahal izateko. Izan ere, erakundeen diru-laguntzekin ez da nahikoa izango gastu guztiak ordaintzeko.

Ibarren aita, Candido Ibar; haren iloba, Miren Pilare Ibar; eta aipatutako elkarteko bozeramailea, Andres Krakenberger, Gipuzkoan izan dira gaur, eta Batzar Nagusiak, Foru Aldundia eta Donostiako udaletxea bisitatu dituzte, ordezkari politikoei euskal jatorria duen preso estatubatuarraren egoeraren berri emateko.

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako batzar nagusietako presidenteekin ere bildu dira, eta defentsa "eraginkorra" izateko 1,3 milioi dolar behar dituztela azaldu diete. Orain arte, erdia lortu dute.

Krakenbergerrek EFE agentzian azaldu duenez, orain arte Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Manuela Carmena Madrilgo alkatearekin bildu dira, eta Estatuko erkidego guztietako eta hiri garrantzitsuenetako ordezkariekin ere egon nahi dute.

"Leku guztietan, gure mezua berdina izango da: arazo bat dugu eta laguntza ekonomikoa behar dugu”, zehaztu du bozeramaileak, eta “epe hain laburrean” diru guztia biltzea zaila izango dela iritzi dio.

Horregatik, herritarrei ere laguntza eskatuko diete, eta, zeregin horretarako, webgunean dirua emateko aukera jarriko dute.

“Laguntza oro ongietorria izango da, nahiz eta oso txikia izan”, nabarmendu du Krakenbergerrek.

Oraindik ez dago argi noiz egingo duten epaiketa berria, baina, elkarteko eledunak ohartarazi duenez, “hilabateak” pasatuko dira, ez “urteak”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Pablo Ibar auzia Espainia bideoak Albisteak