Gizartea -

Maula

Gas ikuskatze faltsuen iruzurra atzeman dute berriro Gasteizen

Bi salaketa jaso ditu Ertzaintzak azken egunotan; biktimei 200 euroko maula egin diete.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen maula egiten ari diren gas ikuskari faltsuak berriro agertu direla ohartarazi du Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jaso duenez.

Informazio horren arabera, azken egunetan bi salaketa jaso dituzte. Biktimei telefonoz deitu zieten, eta denbora tarte txikian, etxera gas instalazioa ikuskatzera bi teknikari joango zitzaiela esan zieten.

Behin etxean, instalazioan hainbat akats zituztela jakinarazi eta dirutan ordaindu beharreko 200 euro eskatu zieten konpontzeko. Kasu batean, gainera, diru-kutxa zabaldu eta lapurreta egin zieten iruzurgileek.

Maulak saihesteko gomendioak

Iruzur hauen aurrean erne ibiltzeko gomendioa eman du Ertzaintzak, batez ere adineko pertsonekin.

Oharrean gogorarazi dutenez, gas hornidura eskaintzen duten enpresek baimendutako teknikariek bakarrik egin ditzakete ikuskatzeak. Gainera, denbora nahikoarekin abisatu behar dute.

Segurtasun Sailaren hitzetan, tankera honetako maula egiten dituztenak bikotetan joan ohi dira. Batek biktima entretenitzen du, besteak lapurreta egiten duen bitartean.

Baimendutako teknikariek dagokien akreditazioa eraman behar dute aldean; dena den, hura edukita ere, bat-batean heltzen diren teknikariei etxean ez sartzen uzteko gomendioa ematen du Ertzaintzak, faltsua izan baitaiteke.

Galdara eta berogailuen kasuan, erabiltzaileek aukeratutako enpresako teknikariek ikuskatu beharko dituzte, bi urtean behin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Iruzurrak albisteak Gizartea bideoak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa