Gizartea -

gatazka

Aburtoren ustez, Bilbon soberan daude elkarrekin bizi nahi ez dutenak

Bilboko Udaleko osoko bilkurak Ollerietako gatazka izan du eztabaidagai ostegun honetan.

Bilbon kezkatuta daude Ollerieta auzoan gertatzen ari denarekin

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak Ollerieta auzoan gertatzen ari den segurtasun eta bizikidetza arazoaren gainean gaur azpimarratu duenez, "hiri honetan elkarrekin bizi nahi ez dutenak soberan daude".

"Pichiak" izenarekin ezagutzen diren eta Ollerieta auzoan bizi den familia bateko kideek egiten dituzten lapurretek eta auzokoekin izaten dituzten liskarrek eragin dute arazoa.

Gatazka Udaleko osoko bilkuran izan dute eztabaidagai ostegun honetan, eta bertan Udala egiten ari den planarekin aurrera jarraitzea adostu dute. Plan hori Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Aldundiarekin eta Fiskaltzarekin batera ari da garatzen, eta, batez ere, familia horretako adingabeek jasotzen duten arreta hobetzea du helburu.

Udalbatza osatzen duten EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Udalberri eta Goazan Bilbaoren babesa jaso du planak. PPk kontrako botoa eman du, eta gainerako alderdiek horren jarrera kritikatu dute.

Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak azpimarratu duenez, Ollerietako "gatazka larriari" aurre egiteko udal gobernuak duen xedeetako bat familiako adingabeekin jardutea da, "bizi duten zorigaiztoko egoeratik ateratzeko".

Ollerietako arazoa PPk eraman du osoko bilkurara. Oscar Fernandez Monroy zinegotzi popularraren esanetan, "auzokoek hamar urte daramatzate lapurretak, mehatxuak, irainak eta erasoak jasaten", eta, horren aurrean, Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "ez dute ia ezertxo ere egin".

Aburto alkateak alderdi guztien jarrera eskertu du, "PPrena izan ezik", eta alderdi horri "beldurraren eta segurtasun gabeziaren ikurra ez ateratzea" eskatu dio. Egoerak kezkatu egiten duela eta auzotarren borroka ulertu eta haiekin batera dagoela gaineratu du. "Bilbon gaizkileek zigorra izaten dute. Elkarrekin bizi nahi ez dutenak soberan daude", azpimarratu du.

Del Hierroren hitzetan, Ollerietako arazoa 2015 erdialdean larriagotu zen, "Pichien" klaneko kide gehiago heldu zirenean "amamaren etxera". "Bizimodu erraza" aurkitu dute bertan, "bizkarroi gisa" bizirik, horren aburuz, eta horixe bera da "beren seme-alabei irakasten dietena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Gizartea bideoak Juan Maria Aburto Eguneko albisteak